'Baso bizien aukerak. Matarrasik ez' jardunaldiak Irunen
Hilaren 27an, larunbatarekin izango diren jardunaldi horietan baso kudeaketarako proposamen zehatzak jorratuko dituzte.
Baso Biziak Plataformak jardunaldi batzuk antolatu ditu Irunen, datorren hilaren 27rako (larunbata da). Jardunaldi horiek Baso bizien aukerak. Matarrasik ez da izena daramate, eta Txingudi BHIn egingo dituzte.
Basoekin lotutako beste zenbait gai ere landuko dituzte, bi saiotan banatuta. Goizeko saioa 10:00etatik 13:00etara izango da, eta arratsaldeko 15:30etik 18:00etara. Goizeko saioan hitzaldiak egingo dituzte, hiru guztira. Bertan parte hartuko dute Sugarai kooperatibak, Errez kooperatibak eta Euskal Herriko Hazien Sareak.
Sugarai kooperatiba Hergarai eskualdeko Herriko Etxe, herritar eta eragileek sortu dute energia burujabetza eta egurraren ustiaketa jasangarria bultzatzeko. Hitzaldi horretan, Peio Harluxet eta Gilen Igoak euren esperientziaren berri emango dute.
Errez kooperatibak, berriz, basoak, klima, bioaniztasunaren galera eta espezie inbaditzaileak ikertzen dihardu. Basoen kudeaketa jasangarria eta heziketa sustatzen ditu, eta bertako bi kidek Markel Arriolabengoa eta Iñaki Etxebestek parte hartuko dute hitzaldian.
Euskal Herriko Hazien Sareak, berriz, baso jangarrien eta agroforesteriaren berri emango du.
Arratsaldeko saioan landuko dute matarrasaren gaia. Bertan Baso Biziak plataformak matarrasa zer den eta zein ondorio uzten ari den azalduko du argazkien bidez. Baso mozketa mota horren bidez, gune bateko zuhaitz guztiak mozten dituzte egurgintzarako aproposak direnak makinaria astunarekin garraiatuz eta zuhaitz ipurdiak errotik ateraz. Talde ekologistek askotan salatu izan dute teknika hori, jasangarria ez dela argudiatuta.
Ondoren, basogintzari buruzko tailerra egingo dute, Joserra Diez Biologian doktoreak eta Ane Zabaleta Geologian doktoreak, Oihana Barrutia Biologian doktoreak eta Unai Ortega Biologian doktoreak gidatuta.
Tailer horien bidez, herritarrei gai horren gaineko informazio eman nahi diete, eta, era berean, tresnez hornitu baso kudeaketarako proposamen zehatzak jorratuz. Talde txikietan banatuko dira, eta kontsentsuak ezarriko dituzte. Bukaeran, horietatik abiatuta, alternatibak aztertuko dituzte.
Jardunaldietan parte hartzeko izena eman beharko da basobiziakplataforma@gmail.com helbidean, eta 5 euro ordaindu beharko dira.