Xakearen hilabetea izango da azaroa liburutegian
Zuloaga Etxeak eta Marlaxkak xakeari bideratutako hilabetea antolatu dute. Azaroaren 25ean egingo den Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Egunarekin ere bat egingo du liburutegiak.
Hondarribiko Zuloaga Etxea udal liburutegiak Marlaxka Xake Klubarekin elkarlanean, xakearen hilabetea antolatu dute azarorako. «Liburutegia jendearen topalekua ere badenez azaroan Hondarribiko liburutegian xakea izango dugu gai nagusia», adierazi dute arduradunek.
Ildo horretan, batetik, liburutegi osoan zehar hainbat txoko prestatu dituzte Marlaxkak utzitako xake taulak, erlojuak eta abarrekin. Bestetik, astero Xake Mate posizioa landuko dute, baita xake eskolak eman ere. Larunbatean, hilaren 6an, bestalde, xakean jolasten aldibereko partidak jokatuko dituzte, eta azkenik, hilaren 17an, Reina Katwe film luzea proiektatuko dute. Informazio gehiagorako ondoko posta elektronikora jo dezakete interesdunek.
Gainontzeko hitzorduak
Xakeaz harago literatur eta idazketa tailerrak zein ipuin kontaketak mantenduko direla jakinarazi dute liburutegiko arduradunek. Azkenik, hilaren 25ean izango den Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Egunarekin bat egingo dutela baieztatu dute. Hala, emakumeen presentzia jarduera eta ekitaldi guztietan bermatuko du liburutegiak, eta horrez gain, Mirabal ahizpen hilketaren ikur diren tximeletez apainduko dute eraikina.
Bertan kontsulta daiteke azaroko agenda.