San Tomas egunean txosna jarri nahi dutenek eskaera egin dezakete jada
Aurten bai festak Urdanibia plaza hartuko du abenduaren 21ean. Orotara sei txosna eta nekazaritzako 22 postu jarriko dituzte.
Aurten bai, San Tomas egunak Mosku ingurua hartuko du. Iazko ospakizun ezohikoen ostean, bueltan izango dira txosnak eta nekazaritzako produktuen postuak. Udalak jakinarazi berri du dagoeneko postua jarri nahi dutenek eskaera egin dezaketela, hilaren 12ra bitarte.
Deialdian Irungo kultur, kirol, gizarte eta aisialdi entitate eta elkarte guztiek parte har dezakete. Behin-behineko zerrenda hilaren 18an argitaratuko du udalak, eta interesdunek hiru eguneko epea izango dute alegazioak aurkezteko. Epe hori igaro ostean, erreklamaziorik ez badago noski, behin betikotzat hartuko dute zerrenda. Erreklamaziorik balego, hilaren 24an ebatziko lukete.
Zozketa jendaurrean egingo dutela aurreratu du udalak, hilaren 25ean, 18:00etan, Kultura sailaren bulegoetan. Gehienez, sei postu esleituko dituzte. Onartutako eskaerak lau taldetan banatuta sartuko dira zozketan: kultur elkarteak, kirol elkarteak, gazte elkarteak eta ikastegiak eta gizarte arloko elkarteak eta gobernuz kanpoko erakundeak.
Nekazaritzako postuak jartzeko eskaera aldiz, hilaren 26ra bitarte luzatuko dute. Orotara 22 postu jarriko dituzte, hiru sailetan banatuta: barazki eta fruituak eta lore eta landareak, produktu landuak eta baserriko animaliak.