Pentsiodunek sinadurak bilduko dituzte kirurgia zerbitzua mantentzeko
Bidasoko ESIko langileek kirurgia unitatearen itxiaren aurrean, langileek proposatutako neurri alternatiboen alde bilduko dituzte sinadurak.
Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduak Bidasoa Ospitalean kirurgia zerbitzua mantentzeko sinadurak biltzen hasiko dela jakinarazi du. Hain zuzen, Osakidetzak iragarria du datorren urteko martxotik aurrera, ebakuntza unitatea berritzeko obrak direla medio, Bidasoa ospitaleko ebakuntza gelak eta erreanimazio unitateak itxiko dituela 18 hilabetez, eta Donostia Ospitalera bideratuko dituztela eskualdeko erabiltzaileak.
Erabaki horren aurrean, langileek zenbait neurri alternatibo proposatu dituzte, baina bai Bidasoko ESIk eta baita Osakidetzak ere atzera bota dituzte, hala nola, ebakuntzak egiteko eraikin gehigarri bat. Hain zuzen, pentsiodunek neurri alternatibo horien aldeko sinadura bilketa hasiko dute. Erabaki horrek “begi bistako arrazoiengatik” pentsiodunei zuzenean eragingo diela iritzi baitiote.
Horrez gain, edozein mobilizazio edo ekimen babesteko prest daudela aurreratu dute.