Portu erromatarren kongresua hasiko da bihar
'Itsaso artean' kongresua Ficoban egingo dute ostiralera bitartean, eta 114 aurkezpen programatu dituzte erromatar inperioaren portu instalazioen inguruan.
Entre mares (Itsaso artean) portu erromatarren kongresua egingo dute Ficoban, bihar hasi eta ostiralera bitartean. 2003tik Pisan (Italia) ospatutako kongresuaren ondotik, portu erromatarren gainean egingo den topaketarik garrantzitsuena izango da Irunen egingo dutena.
Guztira, 114 hitzaldiko programa prestatu dute, eta mundu osotik etorritako adituak elkartuko dira. Erromatar inperioa zabaltzen zen Mediterraneo kostaldeko porturik nagusienak ordezkatuta egongo dira biltzarrean: Ostia (Erroma), Istanbul (Konstantinopla), Londres (Londinium), Narbona (Narbo Martius), Bordele (Burdigala), Kartago, Cyrene, Marseilla, Bayas, Puzzuoli, Frejus, Rezé…
Kongresuaren helburua erromatar portuei buruz gaur egun erabilgarri dauden erregistro arkeologikoen erradiografia bat lortzea izango da, eta, bide batez, azken urteetan lortutako ekarpen eta emaitzekin ezagutza eguneratzen ibiliko dira.
Oiasso Museoak ere izango du ordezkaritza kongresuan; izan ere, Jose Antonio Santano alkateak nabarmendu bezala, Iberiar Penintsulako lehen portu erromatarraren aurkikuntza Irunen egin zuten. “Iragan erromatarrarekin lotura handia duen herria gara, eta kongresu hau hemen egitea oso interesgarria iruditzen zaigu”, adierazi du.
Hainbat hilabete pasatu dituzte programa osatzen, eta Antonio Pizzo doktorea izan da Batzorde Zientifikoaren arduraduna, Mertxe Urteaga doktorearekin batera. Batzorde antolatzailean parte hartzen dute, haiekin batera, Luigi Fozzati doktoreak, Andrea Camilli doktoreak, Arturo Ruíz doktoreak, Juan Jose Jimenez Oiasso museoko zuzendariak eta Esther Barrondo EEHAR erakundekoak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gabriela Vives eta Maria Jose Telleriarekin batera. Batzorde zientifiko bat ere badute, CNRSko (Frantzia) Corinne Sánchez doktorea; Euskal Herriko Unibertsitateko Elena Torregarai doktorea, Erromako École Françaiseko Evelyne Buckowiecki doktorea, Nanteseko (Frantzia) Jimmy Mouchard doktorea, Huelvako unibertsitateko Juan Campos doktorea eta Magunciako museoko
(Alemania) Ronald Bockius doktorea kide direla. Talde horretan zegoen Simon Keay doktorea ere, Southamptongo unibertsitatekoa, baina duela gutxi hil da, eta kongresuan omenaldia egingo diote.