FICAB jaialdian eskainiko dituzten filmak aukeratu dituzte
27 zinta proiektatuko dituzte, hilaren 15etik 20ra, Bidasoko Nazioarteko Zinema Arkeologikoaren Jaialdian.
FICAB Bidasoko Nazioarteko Zinema Arkeologikoaren Jaialdia ate joka dabil, eta udaleko Kultur sailak jakinarazi duenez, dagoeneko aukeratu dituzte jaialdian eskainiko dituzten filmak. Guztira, 27 izango dira. Lau egoitzatan proiektatuko dituzte filmak hilaren 15etik 20ra: Amaia KZ, Donostiako Aquariuma, Oiasso museoa eta Orona Fundazioan.
Guztira, 66 film jaso dituzte, besteak beste, Iran, Georgia, Errusia, Costa Rica eta Poloniatik. Hautatutako 27 ikus-entzunezkoak, berriz, Frantzia, Italia eta Espainiakoak dira gehienak. Horietan askotariko gaiak lantzen dituztela aurreratu dute udaletik: gerra garaian museo arkeologikoetako arduradunek sentitzen duten ezinegona, Homo Sapiensaren inguruko azken ikerketak edota urpeko lan arkeologikoak… Horien guztien kalitate bikaina nabarmendu du udalak.
Juncal Eizagirre Kultura ordezkariak zinema jaialdiak 20 urte bete dituela gogorarazi du, eta guztiz errotuta dagoela gaineratu du: “Argi uzten du arkeologiaren eta kulturaren alorreko ikerketa bultzatu, hedatu eta sustatzeari eman nahi diogun garrantzia”.
30 emanaldi inguru eskainiko dituzte. Goizeko saiak ikastetxeei zuzenduta egongo dira, bertan parte hartuko du Maria Intxaustegi urpeko arkeologoak. Aurten, ikuspegi pedagogiko onenaren saira emango dute Orona Fundazioaren eskutik.
Arratsaldeko saioak irekiak izango dira, 17:00etatik 19:00etara, doan. Xabier Peñalverrek aurkeztuko du, eta epaimahaia ikus-entzun eta arkeologiaren munduko profesional sonatuek emango dute. Sari nagusia Bizinemarekin elkarlanean emango dute.
Aurrez aurreko saioetara jotzeko aukerarik ez duenak, online ikusi ahal izango du.