Viva Suecia taldeak kontzertua eskainiko du Irunen
Irun Zuzenean jaialdiaren bezperan (hilak 12, ostirala) eskainiko dute musika emanaldia, Ficoban. Larunbatean aldiz, Olinpia, Sara Zozaya eta La Bien Querida taldeen txanda izango da.
Hilaren 13an (larunbata da) Irun Zuzenean jaialdiak Ficoba hartuko du. Eta motorrak berotzeko, bezperarako (hilaren 12rako, ostirala) beste kontzertu bat antolatu du udalak. Viva Suecia taldea igoko da Ficobako oholtza gainera ostiralean. Larunbatean aldiz, Olinpia, Sara Zozaya eta La Bien Querida taldeen txanda izango da. Musika emanaldi guztiak doakoak izango direla aurreratu du udalak, eta aldez aurretik gonbidapenak eskuratu beharko dituzte interesdunek.
“Bete-beteko asteburua izango da, zuzeneko musika dela protagonista. Kultur programazioa ez da eten Irunen, eta, normaltasunera itzultzen eta kontzertuak berriro zutik entzuten hasi garen honetan, benetako luxua da talde hauek gurekin izatea. Gainera, datozen egunetan, Gabonak ate joka ditugula, jardueren kopurua gora joango da Irunen”, esan du Junkal Eizagirre udaleko ordezkariak.
Dagoeneko bi datetarako sarrerak eskura daitezke, esteka honetan. Pertsona bakoitzak gehienez lau gonbidapen ahalko ditu erreserbatu.