Turismoaren gaineko hausnarketa jardunaldia, Itsas Etxean
Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu du azaroaren 4rako jardunaldia. Ordezkari politikoak eta turismoarekin harremana duten sektoretako kideak bilduko dira.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Hondarribia hautatu du turismoaren gaineko gogoeta ardatz izango duen jardunaldia antolatzeko. Azaroaren 4an izango da, Itsas Etxea auditorioan. Aldundiko Turismo Zuzendaritzak eta Gipuzkoa Turismoak antolatutako elkarrizketa eta hausnarketa ekintza izango da. Goiz eta arratsaldekoa da batzarraldia; goizeko txanda 09:00etatik 14:00etara luzatuko da, eta arratsaldean esperientzia turistikoak sortzeko tailerra egingo dute.
Markel Olano ahaldun nagusia, Txomin Sagarzazu alkatea, eta herrialdeko turismoaren “erreferente” diren beste hainbat pertsonak parte hartuko dute jardueran, Hondarribiko Udalak jakinarazi duenez. Azken horien artean daude, besteak beste, Iberostar taldeko zuzendari Gabriel Subias, Condé Nast Traveller turismo aldizkariko zuzendari David Moraledo, Isabel Agirrezabala (San Sebastian Turismoko zuzendaria), eta Eneko Atxa nahiz Elena Arzak sukaldariak.
“Hondarribirako eta Bidasoa bailararentzat aukera ederra da horrelako jardunaldi bat gurean edukitzea. Esperientziak trukatu eta besteengandik ikasteko aukera ona izango dugu”, adierazi du maria Serrano Hondarribiko Udaleko Turismo eta Sustapen Ekonomikorako zinegotziak. Serranok zehaztu du turismoaren sektorean dauden erronka berrietara prestatzeko saioa izango dela azaroaren 4koa, “erronka horiei behar moduan eta arrakastaz aurre egiteko antolatu da jardunaldi hau”.