[Elkarrizketa] “Irakurleak jasoko dituen emozio horiek nik neuk ere jaso behar ditut”
Azaroaren 18an jasoko du Euskadi Literatura Sarien barruko itzulpengintza ataleko sari gorena Elosegik (Irun, 1955). Katalanetik euskarara ekarritako lan bategatik lortu du errekonozimendua.

Irene Sola idazle katalanaren Canto jo i la muntanya balla (Anagrama, 2019) liburua euskaratu zenuen iaz, Nik kantatu eta dantzatu egiten du mendiak (Alberdania, 2020). Horrekin itzulpengintzako Euskadi Literatura Saria irabazi duzula jakinarazi dute. Espero al dira horrelako sariak?
Ez. Banekien sarietarako izendatuta nengoela, lanen azterlana egiteko eta prozesuan sartu dizutela esateko baimena eskatzen dutelako. Baina irabaztea espero izatea beste gauza bat da. Ez zen lehenengo aldia horrelako izendapena jasotzen nuela hala ere. Eskertzeko modukoa da gisa horretako saria jaso ahal izatea, errekonozimendua delako, eta alde horretatik pozik jasoko dut.
Enkarguz egindako itzulpena izan zen, Jorge Gimenez Alberdaniako editoreak proposatutakoa, alegia.
Hala da. Izan ere, ez nituen Irene Sola autorea ezta eleberria ere ezagutzen. Gaztea da, eta orduan ez zen oso ezaguna. Editoreak komentatu zidan interesgarria izango zela haren lana euskarara itzultzea. Editoreak, aldi berean, zugan konfiantza hori jartzea eskertzekoa da beti.
Orduan, lanean eta egilean sakontzen hasi zinen, ezta?
Itzulpenerako liburuan sartu nintzen. Testua da denaren oinarria. Egileaz zer edo zer ote dakidan ez da garrantzitsua. Testuak eman behar dizu itzuli beharrekoa, eta hala izan behar du beti. Beraz, nahiago izaten dut aldez aurretik obra ez ezagutzea. Irakurleak momentuan jaso beharreko emozio horiek nik neuk ere jaso behar ditut, esperimentatu behar da, irakurleari behar duen ordaina emateko. Literaturan beti daude emozioak, eta itzultzaileak jakin behar du emozio horiek besteei ematen.
Zer du Joxan Elosegitik saria irabazi duzun itzulpen horrek?
Askotariko lanak itzuli ditut, eta hau berezia da, bitxia nire ustez. Ez onena, ez bereziena, beste bat gehiago da, baina bitxia. Eta ahalik eta zintzoen izaten saiatu naiz jatorrizko bertsioarekin.
Zaila izan al da jatorrizko testuarekin fidel izatea?
Baina zer da itzultzaile fidela? Zintzo jokatu nahi dut jatorrizko testuekin, ez dut inolaz ere kontatu nahi idazleak kontatu nahi izan ez duen zerbait. Eman nahi dut, baina aldi berean nire hizkuntzan eman nahi dut. Beraz, ahalik eta zintzoen jokatzen saiatzen naiz, nigandik ahalik eta gutxien ematen, baina ezinbestean joango da niretik zerbait. Nolabaiteko kode etikoa izan behar dugu, eta autoreak esan duena ematen saiatu behar gara. Baina liburu honen kasuan egileak katalanez idatzi zuen, eta nik euskarara ekarri dut. Euskal testuak ere bere bizitza hartu du.
Euskadi Literatura Sarien epaimahaiak zure aberastasun estilistikoa nabarmendu du. Erronka izaten al da itzulpenetan estiloarekin, tonuarekin asmatzea?
Hori ere gure lana da. Obra honek aurrera joan ahala ikusten diren ezaugarriak ditu: pertsonaia batzuk modu batera hitz egiten zuten, eta beste batzuk beste batera. Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak-en pertsonaiak alde batetik gizon-emakumeak dira, baina bestalde pertsonaia mitologikoekin nolabaiteko lotura dutenak ere badaude, Kataluniako mitoetan oso oinarrituak. Alde horretatik Euskal Herrian jaso izan dugun mitologiarekin pareka daitezke horiek. Ez dira sekulako heroiak, ipar Europako edo Greziako jainkoekin ez dute inolako harremanik; askoz xumeagoak dira, gureen antzekoak. Orduan, itzuliaz batera ohar batzuk egin behar izan ditut jakiteko non-zer esaten nuen, eta argitzeko Kataluniako mitologia pertsonaia horiek zer diren.
Autoreak hori islatu nahi izan du: alde batetik mundu mitologikoa-edo dena; gure eta hango historian agertzen den sorginen kontua ere azaltzen da, eta hori zubitzat du emakumearen eta gure jendartearen arteko lotura egiteko, emakumearen protagonismoa oso indartsua da eleberri honetan. Autorea ez dut asko ezagutzen, baina esango nuke arbasoen istorioen berri jaso nahi izan duela, gure historia modernora ekarriz. Mendiko Katalunia batean gertatzen da dena, Piriniotan, baina gaur egungo Katalunia batean.
Gustura aritu zara?
Bai, noski. Baina onartu behar dut hasieran ez nengoela ziur nondik nora zihoan haria. Eleberrian aurrera egin ahala dena itxuratzen joan nintzen, eta pentsatzen dut irakurleei ere hala gertatuko zaiela. Alde horretatik eleberri bitxia dela iruditu zait. Izango dira gustura hartuko dutenak irakurketa, eta besteek ez hainbeste. Hori ez dago nire esku, ordea.
Itzultzaileak Euskal Herrian. Itzalean zaudete? 2005ean, adibidez, euskal literaturaren %30 itzulpenak ziren.
Datu hori nabarmentzekoa iruditzen zait. Uste dut, alde batetik, obra batean sortzailea dela nagusi, eta sortzailea idazlea da. Itzultzaileak beste lan bat egin behar du. Beharbada nahi izaten dugu gure lanari buruz gehixeago hitz egitea, edo guk hitz egiteko aukera izatea behintzat. Baina autorea beti hor dago. Itzulpenak onak, txarrak edo tartekoak izan daitezke. Baina uste dut lan bat egiten dugula. Egia da egileez bai oroitzen direla irakurleak, eta itzultzaileez ez hainbeste. Ona al da hori? Neurri batean bai, horrek esan nahi duelako irakurleak gustura jaso duela itzulpena. Liburua ez bazaigu gustatu oso gutxitan esango dugu akatsa itzultzailearena izan dela, ez bada behintzat oso gaizki eta aldrebes itzulia izan den lan bat. Dena dela ezagutzen ditut sekulako idazleak inolako errekonozimendurik ez dutenak; hori bai dela izugarria.
Zure itzulpengintza lan gehienak jatorrian frantsesez idatzitako lanenak dira. Zergatik?
Hala da. Euskaratik aparte hobekien ezagutzen dudan hizkuntza espainola da, eta frantsesa ere ezagutzen dut, bai. Katalana ez hainbeste, irakurtzen dut, baina ez hitz egin; baten batek esan dezake katalanetik itzulpena egitea erraza izango zela, baina ez pentsa. Frantsesa eskolan ikasi nuen, baina nahiko utzia izan nuen tarte batez. Ez naiz Ipar Euskal Herrian ez Frantzian bizi izan. Denis Dideroten Rameauren iloba itzuli nuen frantsesetik, eta oso kutuna dut lan hori, ederra iruditu zitzaidan.
2020ko Loidi beka irabazi zenuen Aitor Errazkinekin batera, Irungo XIX. mendeko bertsolaritza aztertzeko. Nola doa egitasmoa?
Ari gara, bai. Heldu den urtean entregatuko dugu azterlana. Egingo dugunarekin zorionez gauza asko argitara aterako ditugu, badagoelako materiala. Beharbada gauza gehienak ezagunak izango dira, baina oharkabean pasatu direnak ere jaso ditugu, badugu zer kontatu Irungo ikuspegitik. Pretentsio handirik gabe, baina badago zer kontatu. Irunekin lotura izan duten bertsoak eta bertsolariak agertzea da gure asmoa, eta ari gara.
Irungo AEKren sortzaileetakoa izan zinen, eta gutxira arte eskolak ematen egon zara.
Oso gazte nintzela hasi nintzen euskara eskolak ematen, 1973an oker ez banaiz. Gipuzkoako hainbatekin harremanetan hasi, gau eskolen kontura, eta bai, AEKn urte franko izan nintzen. Utzi, eta bueltan izan naiz azken 2-3 urtean. Joan den urtean utzi nuen. Badago zertaz hitz egin, baina uste dut egun han daudenek hitz egin beharko luketela zertan ari diren esplikatzeko, dituzten arazoak esateko, edo bestelakoak komentatzeko.
Gurutzegramen Luma aldizkariaren sortzaile zara.
Begira, hori bai harro esan dezaketela, euskarazko gurutzegramen sortzaile izan nintzela alegia. Hasieran ezinezko zirudienari nik eman nion forma, alegia, gurutzegramen mundua euskaraz nola eman, jokoak eta jolasak asmatuz. Aspaldian ez naiz horretan aritu, ordea. Luma sortu, bere bidea egin zuen, eta uste dut bazuela etorkizunean irauteko aukera. Gauza politak egin genituen. Erakutsi genuen hori posible dela, mundu horrek euskaraz berezko sarrera duela, eta oso kontu politak egin daitezkeela. Oso oker ez banago Egin egunkarian hasi nintzen gurutzegramak publikatzen, 1978an uste dut.
Irunen euskaraz bizitzeko aukerarik ba al dago?
Gu, hau da, ni neu eta nire ingurua, euskaraz bizi gara. Dena edo gehiena egiten dugu euskaraz. Erdara da gailen eta nagusi, hori hala da, aspalditik gainera. Baina ez dut eskubiderik pesimista izateko, garai batean gauzak ilunago edo okerrago zeudelako. Aurrera segitu behar dugu eta oraindik ere gauza asko daude egiteko. Uste dut kanpoko jendeak ez duela gure herria, Irun, behar bezala ezagutzen, eta dena ez da hain ilun hemen. Ondoko herrietara joan eta gauzak ez daude askoz hobeto. Nire diskurtsoa da oraindik gauza asko daudela egiteko, horiek etorriko direla, eta lasaitasuna behar dela.