Jaizkibelgo hainbat ehiza postu, itxita, babestutako espezieak hil izanagatik
Leuta-Guadalupe-Faro ehiza lerroko hainbat posturi giltza eman dio behin-behinean aldundiak, berriki belatz handi bat tiroz bota dutelako inguruan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Jaizkibelgo Leuta-Guadalupe-Faro ehiza lerroko hainbat postu itxi ditu, joan den asteburuan inguru hartan belatz handi bat (Falco peregrinus, babesturiko espeziea) tiroz bota izanagatik. Eguzki Erakunde Ekologista “pozik” agertu da.
Erakundeak adierazi du aldundia “behingoagatik inakziotik” atera dela, tiroz botatako espezie babestuen kasuak ez baitira bakunak, “arazo kronikoa” baizik. Azken erabakiarekin aldeko adierazpenak egin badituzte ere, zain jarraituko dute ekologistek: “Ikusteko dago momentuzko erreakzioa den, edo benetan aldundiaren politika berri baten abiapuntua den”.
Taldeak jakinarazi duenez, hilabete honetan eskopetaz botatako espezie babestuetako hirugarren alea da, gutxienez, joan den asteburukoa. Hilaren 6an Errezilen arrano txiki bat eta 16an Seguran elanio urdin bat tiroz zaurituta topatu zituzten. Lehena aurkitu eta gutxira hil zen, eta elanioa, berriz, Arrano Etxean osatzen ari da. Kasu horiek Fiskaltzan salatu zituen Eguzkik.
Salaketak, Fiskaltzara
Pauso bat aurrera ematea ere eskatu dio Eguzkik aldundiari: “Argitu nahiko genuke zergatik honelako salaketak ez diren Fiskaltzara iristen zuzen-zuzenean Gipuzkoako Foru Aldunditik”.
Erakunde ekologistak gogora ekarri du babestutako espezieak hiltzea delitua izan daitekeela, kartzela zigorra ekar dezaketelarik. Hori dela eta, funtsezkotzat jo dute agintariek, ustezko delitu baten berri izan bezain laster, fiskalari edo epaileari gertaeraren berri ematea.