[Erreportajea] Hondarribiko kutsua duen apar artisaua ekoitzi dute
Aitor Diaz eta Asier Zapiain hondarribiarrek bertako lehen artisau garagardoa sortu dute ‘Hondarribeer’ proiektuan. Lehen saiakera merkaturatu ondoren, garagardoa ekoizteari ekin diote.
Lanetik atera eta garagardo on bat dastatzea bizitzak eskaintzen dituen apeta lasaigarri eta freskagarrienetakoa da. Garagardo hori artisaua izatea geroz eta ohikoagoa bilakatu da apar eta burbuila zaleentzat; garagardo hori bi herrikidek ekoitzitakoa bada, zaporea gertukoagoa, gozoagoa, ezagunagoa, bihurtzen da bat-batean.
Hori da, hain justu, Aitor Diaz eta Asier Zapiain hondarribiarrek martxan jarri duten Hondarribeer izenpeko proiektua. Etxean ekin zion Diazek haren emaztearekin batera lehen artisau garagardoarekin probak egiteari. Lau hilabetez gaiaren inguruan ikertu eta dokumentatu zela azaldu du. Onartu duenez, lehen garagardoa «ikaragarria» zegoen, nahiz eta benetako errezeta bigarren probalditik eskuratu zuen: «Jende ezberdinari eman nion probatzeko: garagardo lehiaketetako epaileak, garagardogileak… Oso ona zegoela esan zidaten denek, eta Asierrek [Zapiain] hasieratik esan zidan animatzeko pausua ematera. Hala, ea bion artean aterako ote genuen galdetu nion».
Diaz gorpuzten ari zen proiektura batu zen Zapiain orduan. Bien artean ekin zioten gaitasun txikiko hartzigailua eskaintzen zuen garagardotegia bilatzeari, eta horrela merkaturatu zuten lehen saiakera, ekoizpenean akatsa izan eta erretiratu behar izan zutena.
Bigarren saiakera
Hondarribeer artisau garagardoaren bigarren saiakera abuztuan iritsi zen Irunera, Hondarribira, bai eta Iruñera ere. Garratza da, sour motakoa, frutarekin egindakoa. Hori da jarraitu nahi duten norabidea. Zapiainek azaldu duenez, IPA motako garagardo artisaua ekoizten da bereziki Euskal Herrian: «Estilo klasikokoa da, produktu oso ona egiten da, eta hori hobetzea oso zaila da».
Ildo horretan, euren apustua argi dute. «Badakite guk bakarrik sour egiten dugula, eta hortik tira egin nahi dugu», jarraitu du Zapiainek, «gure helmuga ez baita honetaz bizitzea, publikoari zerbait eskaintzea baizik». Hala, bigarren garagardo bat ekoizten ari dira. «Sour bat izango da, eta gradu gehiago izango ditu neguak hala eskatzen duelako [barrez]», aurreratu du Diazek. Oraingoan, mango eta lima izango ditu Hondarribeer proiektuaren bigarren garagardoak. Zintzurra bustitzeko hilabete itxoin beharko dute garagardozaleek.