Hizkuntza eskakizunen mozioa erretiratzeko eskatu diote Elkarrekin Podemosi EH Bildu eta EAJk
Elkarrekin Podemos Ezker Anitza-IUk mozio bat sartu du biharko plenoan hizkuntza eskakizunetan euskaldun pasiboak ofizialki aitortzeko eskatuz.
Elkarrekin Podemos Ezker Anitza-IUk mozio bat sartu du biharko plenoan hizkuntza eskakizunen Euskal Araudian euskaldun pasiboak ofizialki aitortzeko eskatuz. EH Bildu eta EAJk mozio hori erretiratzeko eskatu diote, “finean, ekimen horrek lanpostu publikoetan euskara eskakizuna malgutzea” eskatzen duela iritzita.
Bi udal taldeen iritziz, mozio hori “atzerapauso garbia” da: “Ulertezina da gure hirian euskarak duen egoera jakinda, eta eragileen aldetik zein instituziotik urte hauetan guztietan egin den ahalegina ezagututa, euskara bultzatzearen kontrako norabidean aritzea”.
Iniziatiba hori Irungo euskara normalkuntza planarekin bat ez datorrela ere azaldu dute EH Bildu eta EAJk, eta “are gehiago, euskara lan hizkuntza izateari oztopoak” jartzen dizkiola gaineratu.
Euskararen normalizazioak babes juridiko “irmoa” behar duela esan dute, eta euskararen legeei egin beharreko edozein aldaketak “ahalik eta adostasuna handiena” behar duela, “betiere hizkuntza eskubideak bermatzeko helburuarekin”. Iniziatiba horrek ez duela ez puntu bat ez bestea betetzen ondorioztatu du.