Mendipe eta Lastaolako hirigintza planak aurrera doaz
Mendipeko Plan Berezia onartu ondotik, hirigintza jarduketa programa onartu dute, baita bide publikoak antolatzeko urbanizazio proiektua. Lastaolakoak hasierako onespen bat izan du.
Mendipe eta Lastaolako proiektuetan aurrera doala berretsi du Irungo Udalak. Mendipeko egitasmoa mamituago dago momentu honetan. Dagoeneko onartua dago plan berezia, eta hurrengo urratsa hirigintzako jarduketa programa onartzea izan da, baita bide publikoak antolatzeko urbanizazio proiektua onartzea ere.
Miguel Angel Paez Hirigintzako ordezkariaren arabera, egun degradatuak dauden eremuak berrurbanizatzera zuzenduta dago jarduera hori. Hala nola, berdeguneak planteatzen ditu gasolindegiaren inguruan, baita jolasen eta gimnasia egiteko aparatuen gune bat ere. Bestetik, Lastaola Postetxea kalearen espaloi eta pasealekuak eraikitzea proposatzen da egitasmoan.
Ildo horretatik, gasolindegiaren ingurua berrantolatuko dute. Duela gutxi gaur egun dagoena eraisteko lizentzia eman diote udalari. Horri lotuta, lurzorua hondeatu eta kutsaduratik garbitzeko plana aurrera eraman ahal izango du.
Era berean, egitasmoan jasota dago etxebizitzak eraikitzea ere. Etxebizitza libreen hiru bloke egingo dituzte, 71 etxebizitza guztira; eta laugarren bat babes ofizialekoa, 32 etxebizitzekin.
Hasierako fasean da Lastaola
Lastaolako proiektua hasierako fasean dago. Juan Thalamas Labandibar eta Endarlaza hiribidearen artean dago. Berriki barne berrikuntzarako plan bereziari hasierako onarpena eman diote, eta txosten baten zain dago behin betiko onartzeko. Asmoa da etxebizitza publikoak egitea (90 babes ofizialekoak eta 60 libreak) eta eremua inguruneko hiri egituran eta bertako paisaian integratzea, udalaren esanetan.
Eremua suspertu ahal izateko gasolindegiak lekualdatuko dituzte, eta jadanik eraisketa lizentzia emana dagoela jakinarazi du udalak. Behin eremua errekuperatuta, biribilgune bat eraikitzea aurreikusten den Juan Thalamas Labandibar kaleak eta Endarlaza hiribideak bat egiteko eta Maria Juncal Labandibar, Lastaola Postetxea eta Dario Regoyos kaleak gurutzatzeko.
Udalaren iritziz, itxura atseginagoa lortuko du inguruak, berdeguneak sortuko baitira oinezkoentzako ibilbide nagusien ondoan. Besteak beste, ibilbideak GI-636 errepidetik (Juan Thalamas Labandibar kaletik) bereizi eta babestuko duela aurreratu du.
Ekologistak proiektu horien kontra
Azken Portuko egitasmoaren harira, Ekologistak Martxan eta Artiako Lagunak auzo elkarteek euren desadostasuna aurkeztu zuten, inguru horretan egiten ari den presio urbanistikoarengatik. Zentzu horretan, Ecologistas en Accionen eskutik bandera beltza jaso zuen Irungo Udalak. Bertan kokatzen da estuarioa, Natura 2000 sarean sartuta dagoena. Estuarioa Hegaztien Babes Bereziko eta Kontserbazio Bereziko Eremu izendatuta dago, eta halako proiektuak onartuz gero, ezingo dira habitatak berreskuratu ezta faunaren egoera hobetu ere, talde ekologisten iritziz.