Marrazki eta Pintura Akademiaren hurrengo bi jardueretan izena emateko epea, zabalik
Azaroaren 6an Ibai Maritxalar artista errenteriarrak eskola magistral bat eskainiko du; azaroaren 19an aldiz, Marta Cardenasekin "begiradak batzeko eta partekatzeko guneak" sortuko dituzte partaideek.
Atzotik (hilak 25), Marrazki eta Pintura Akademiak ikastaro arruntarekin batera eskaintzen dituen bi jardueretan izena emateko aukera dute herritarrek. Lehenik, azaroaren 6an, Ibai Maritxalar artista errenteriarra Anakako instalazioan izango da, eskola magistral bat eskaintzen; bigarrenik, azaroaren 19an, Begiradak izeneko tailer zikloaren barruko beste saio bat egingo dute, eta oraingoan, Marta Cardenasen lanaren gainekoa izango dela aurreratu dute.
Maritxalarren saioa bi zatitan banatuko dutela zehaztu du Kultura sailak. Lehenengoan artistak bere obra erakutsi eta azalduko du, eta bigarrenean aldiz, partaideak lanean jarriko dira, artistaren gidaritzapean. 10:00etan hasiko dute master class-a. Izen emateak helbide honetara idatziz egin beharko dira, eta partaide bakoitzak 21,60 euro ordaindu beharko ditu. Udaletik nabarmendu dute ez dela beharrezkoa marrazketa edo pinturan aurretik esperientzia izatea.
Bigarren saioan artista garaikideen lana lehen eskutik ezagutuko dute partaideek, eta “begiradak batzeko eta partekatzeko guneak sortzea” da asmoa. Bestalde, elkarrekin margolan bat irakurtzen ikastea eta artearen dialektikara ohitzea ere bada asmoa. Horretarako, Cardenasek obra esanguratsu bat erakutsiko du eta haren gainean ariko da, “espontaneoki eta modu askean obraren inguruan sortzen diren ekarpen guztiak partekatzeko”. Jardunaldi hau doakoa izango da, eta ez da izenik eman behar. 19:00etan hasiko dute.