EGI: "Hau ez da Irunen behar dugun politika"
"Irunek jasaten duen segurtasun ezarekin" kezkati azaldu dira berriro. Beste behin horren gaineko datuak "manipulatzea eta ezkutatzea" leporatu diote Jose Antonio Santano alkateari.
Irungo EGI kezkati agertu da berriro hiriak jasaten duen “segurtasun ezarekin”. Beste behin leporatu diote udal gobernuari segurtasun eza horri buruzko datuak “manipulatu eta ezkutatzea” eta EGIk alkateak arazo hori errealitatea dela onartzea lortu duen arren, “erantzukizunik ez hartzea eta errudunak kanpoan” bilatzen ari direla salatu dute gazteek.
“Badirudi Irungo PSOEk eta Podemosek bideo biralei baino ez dietela erantzuten, eta ikusten dutenean euren berrautaketa jokoan egon daitekeela; hau ez da Irunen behar dugun Politika. Minimo bat eskatzen dugu, gure hiri aparta eta bertako herritarrak maite dituen edozein arduradun politikok bermatu beharko lukeen oinarri bat: beren lana egin ahal izateko behar den Udaltzaingoaren langile kopurua betetzea. Gure Udaltzaingoa hori eskatzen ari da, eta minimoa da, dagoeneko beteta egon beharko lukeena”, diote EGIko kideek.
Arazoari aurre egiteko auzo elkarteen, Ertzaintzaren eta talde politiko guztien arteko elkarlana funtsezkotzat jo dute. Horregatik, Segurtasunerako eta Bizikidetarako Batzorde Iraunkor baten sorrera beharrezkoa dela gaineratu dute, jada EAJk eskatu duena. “Argi daukagu Irunen tweet-etatik eta sare sozialetako iruzkinetatik urrun dagoen politika bat behar dugula; Irundar herritar guztientzako konponbide eraginkor eta iraunkorrekin epe luzera begiratuko duen politika bat behar dugu”, erantsi dute.