"Gardentasun falta" salatu du Satse sindikatuak operazio gelen eraberritzearekin
Eraberritze lanak gauzatu bitartean eraikin gehigarri bat sortzeko proposamenari ezetz erantzun dio Osakidetzak; herritar anonimoek, bestalde, itxieraren aurkako sinadura bilketa abiatu dute.
“Kezka” eta “gardentasun falta” agertu ditu Satse erizainen sindikatuak Bidasoa ospitaleko bloke kirurgikoa eraberritzeko lanek hemezortzi hilabetez eragingo duten itxierarekin. Ebakuntza gelak mantentzeko eraikin gehigarri bat sortzeko proposamenari ezetza erantzun dio dagoeneko Osakidetzak, eta egoera ikusirik, herritarek beraiek modu anonimoan sinadura bilketa abiatu dute. Adineko pertsonen zentro sozialetan eta hainbat saltokietan sina daiteke hemezortzi hilabeteko erabateko itxieraren aurkako eskaria.
Ebakuntza gelak behin-behinean bilduko dituen eraikin gehigarria osasun langileek eta ospitaleko kudeatzaile Jose Manuel Ladron de Guevarak Osakidetzari egindako eskaria dela azaldu du Pilar Mendia Satse sindikatuko Gipuzkoako delegatuak. Lanak bukatzerakoan edota etorkizunean, ospitalearen beharretara egokitutako zerbitzuren bat emateko aukera egongo litzateke bertan. Hala ere, proposamenari uko egin dio Osakidetzak “garestiegia” dela argudiatuta.
Erantzunak presazko eta programatutako operazio gelarik gabe uzten du osasun azpiegitura. “Eta orain zer gertatzen da?”, galdetu du Mendiak, “hemezortzi hilabetez larrialdietarako operazio gelarik gabe geratuko garela”. Hori horrela, gutxienez larrialdietarako ebakuntza gela bat utz dezaten galdetu du sindikatuak.
Mendiak onartu duenez eraberritze lanak ezinbestekoak dira. Hortaz, ez daude lanen aurka, baina bai erabateko itxieraren kontra: “Bi fasetan egiteko aukera ere legoke, baina horrek kutsadura arrisku batzuk sortzen ditu, eta beraz, eraikin gehigarriaren alde egin dugu”.
Informazio eza
Mendiak HITZA-ri azaldu dionez, azken mahai sektorialera jo zuten informazio eske, nahiz eta ez duten erantzunik jaso: “Ez digute informaziorik emango, eta beraz, hilaren 11n mahai sektorialaren ezohiko bileran, berriz ere, gai hau jorra dezaten eskatu dugu”.
Itxierak sortuko dituen “deserosotasunez” gain, “erantzunik gabeko galdera ugari” daudela adierazi du Mendiak. Horrek guztiak osasun langile eta paziente zein senideengan kezka eragiten dutela aitortu du: “Langileak 25 kilometro lekualdatuko dituzte egunero, horrek suposatzen duen arrisku eta deserosotasunarekin. Ordutegiek eta soldatek ere ziurrenik eragina pairatuko dute. Eta herritarrak? Ez dago zuzeneko autobus zerbitzurik Hondarribia, Irun eta Bortzierietatik Donostiako ospitaleetara. Eta pazienteak? Han pasako dute ebakuntza ondoko denbora edo hemen?…”.
Bilera politiko eta mozioa
Mendiak ezagutarazi duenez, Hondarribiko udal talde bateko ordezkariekin bilera egin zuten egoera aztertzeko, eta erantsi duenez, Irungo ordezkari politikoekin zein Bortziriekoekin ere biltzekoa da alderdia. Txomin Sagarzazu alkateak atzo jakinarazi zuenez, Abotsanitz Herri Batzarrak Bidasoa ospitalearen inguruko mozioa aurkeztuko du etziko udalbatzarrean. Horrez gain, gaiaren gaineko informazio zuzena duela ere onartu zuen hautetsiak, nahiz eta horrek “prentsan agertutako informazioekin zerikusirik ez duen”.