Azaroaren 8tik, TAO gune berriak Arbes-Palmera Monteron eta Belaskoenean
Arbes-Palmera Montero eta Belaskoenea auzoan TAO sistemaren barruan ez dauden eremuak TAO gune bihurtuko direla aurreratu du udalak. Guztira, 5.544 plaza eskainiko dituzte.
Irungo Udaleko Mugikortasun sailak jakinarazi berri duenez, azaroaren 8tik aurrera TAO gune berriak zabalduko dituzte. Zehazki, Arbes-Palmera Montero eta Belaskoenea auzoan TAO sistemaren barruan ez dauden eremuak TAO gune bihurtuko dira.
“TAO sistemaren xedea da auzotarrek auzoan bertan aparkatu ahal izatea eta txandakako aparkamendua sustatzea, merkataritza eta ostalaritza guneetan nagusiki. Duela urte batzuk, azterketa batzuk egin ziren, aurreko mugikortasun planek detektatu zituzten arazoak konpontzen joateko, eta haien ondorioz sartu dira gune hauek sistemaren barruan. Aurrerago, pentsatzekoa denez, hiri barruko mugikortasun jasangarrirako plan berria gogoan, hiriko aparkamendu gaiei erantzuten jarraituko
dugu”, esan du saileko ordezkari Borja Olazabalek.
Ordezkariak zehaztu duenez Belaskoenea eta Arbes-Palmera Montero eremuetako auzo elkarteekin partekatu dute erabakia. Ondorengo kaleak sartuko dira Arbes-Palmera Monteroko eremu berri horretan: Alzukaitz, Antonio Valverde, Arbesko Errota, Uztapide Bertsolaria, Casto Cantero, Dunboa, Enkantia, Erlaitz, Ermita, Esteban Pérez de Yerobi, Jose Antonio Loidi Bizkarrondo, Juan Luis Seisdedos, Juan Thalamas Labandibar, Juan Vollmer, Meazuri, avda. Nafarroako hiribidea, Arbesko Errotaren atzeko aparkalekua, Ricardo Alberdi eta Uranzu. Belaskoenean aldiz, honako kaleak sartuko dira TAO zerbitzuan: Aduana, Alberto Larzabal, Alondiga, Arkale, Armagile, Arturo Campion, Balezale,
Larrugin, Gabarrari, Mosketero, Mariñel, Nekazari eta Burniola.
Udalak gaineratu duenez, araututako plazen ondorengo lau tipologoak mantenduko dira: eremu urdina (gehienez 2 orduko egonaldi laburretarako), eremu berdea (gehienez ere 4,5 ordu iraungo du), eremu gorria (doan aparkatzeko gunea, gehienez ere 15 minutukoa eta 3 orduko
tartearen ondoren, doako beste txartel bat eskuratzeko muga izango duena) eta egoiliarren eremua (zuria. Eremu horretako egoiliarrentzako aparkatzeko tokia izango da).
Behin kontratua berria abiatuta, orotara 5.544 toki eskainiko dituzte.