Bloke kirurgikoaren itxieraren inguruko mozioa aurkeztuko du Abotsanitzek etzi
"Hondarribiko Udala eta gainontzekoak herritarren alde mugiaraztea" dela helburua zehaztu du udal taldeak; informazio urraketen eta zerbitzu prestazioen kontratuen inguruko mozio bana ere mahaigaineratuko dituzte.
Abotsanitz Herri Batzarrak hiru mozio aurkeztuko ditu etziko (hilak 28) osoko bilkuran, gaur jakinarazi duenez. Bidasoa ospitaleko bloke kirurgikoaren behin-behineko itxiera, zinegotziek pairatutako informazio urraketa, eta udalak kontratatutako zerbitzu prestazioak izango dituzte hizpide udal taldeak aurkeztutako mozioek.
Lehenik eta behin, Bidasoa ospitaleko ebakuntza gelak berritzearen alde agertu arren, hemezortzi hilabetez guztiz ixtearen aurka azaldu da udal taldea. Alderdiaren arabera, “larrialdietan konpondu ezinezko ondorioak” sor ditzake erabakiak, eta gainera, traba “oso handiak” eragingo lizkieke langile eta gaixoen senideei. Hori dela eta, ospitalearen kanpoaldean kokatutako eraikin gehigarri baten alde egin du Abotsanitzek: “Horrela, operazio gelak itxi gabe egingo lirateke lanak, eta horiek lekualdatzean, ospitaleak beste edozein erabilerako eremu bat irabaziko luke”.
Bigarrenik, zinegotziek pairatutako informazio urraketen inguruko hirugarren mozioa -lehena 2019an, eta bigarrena 2020an aurkeztu zituen- mahaigaineratuko du alderdiak. Izan ere, salatu duenez, orain arte onartutako puntuak ez dira bete, eta beraz, hirugarrenez helduko dio gaiari herri batzarrak.
Azkenik, iraungita dauden zerbitzu prestazioen kontratuak lehiaketa publikora atera daitezen eskatuko du Abotsanitzek hirugarren mozioan, “ia 15 urte pasa baitira kontratuetako batzuk iraungi zirenetik”.
Mozioak bertan irakur daitezke bere osotasunean:
Mozioa. Bidassoa ospitalearen bloke kirurgikoa berritzea.