HAPOaren aurrerapenen berri emango du Amute Kosta auzo elkarteak, bi saiotan
Bi jardunaldien helburua "HAPOaren aurrerapena auzora hurbiltzea, parte hartzea eta ezagutza sustatzea, eten digitala arintzea eta etorkizuneko HAPOak gure herrian, auzoan eta bizitzetan datozen 15-20 urteetan izango duen garrantzia nabarmentzea" da.
Amute-Kostako auzo elkartearen egoitzan. Hondarribiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) Aurrerapenarekin lotutako bi jardunaldi antolatu ditu Amute Kosta auzo elkarteak. Lehena asteartean (hilak 26) egingo dute, auzo elkartearen lokalean (19:00etan). Bertan, elkarteak HAPOaren inguruan egindako kudeaketa guztien berri emango dute. Bigarrena berriz, asteazkenean egingo dute (hilak 27), lokalean ere. Bi txandatan banatuko dute saioa: 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Honetan, aurrerapenei buruz dagoen informazioa jarriko dute herritarren eskura, dituzten zalantza eta kezka guztiak argitzeko saioa izango da.
Bi jardunaldien helburua, elkarteko kideen arabera, “HAPOaren aurrerapena auzora eta bizilagunengana hurbiltzea, parte hartzea eta ezagutza sustatzea, eten digitala arintzea eta etorkizuneko HAPO horrek gure herrian, auzoan eta bizitzetan datozen 15-20 urteetan izango duen garrantzia nabarmentzea” da.
Bi saioetan jasotako iradokizunak eztabaidatu eta onartzeko saioa egingo du Zuzendaritza Batzordeak datorren ostiralean (hilak 29), Elkartearen Batzar Nagusiaren ostean.

