'Ondarea' bildumaren erakusketa, Amaia KZn
Hiriko ondarea ezagutzeko eta honen zaintzaren garrantzia nabarmentzeko 'Ondarea' erakusketa zabaldu dute gaur Amaia KZn.
Ondarea bilduma jarriko dute ikusgai Amaia KZko galerian, gaurtik azaroaren 14 arte. Erakusketa honekin hiriko ondarea ezagutzea eta zaintzeko garrantzia nabarmentzea lortu nahi dutela azaldu du Kulturako ordezkaria den Juncal Eizagirrek: “Zerbait maitatu eta zaintzeko, lehenengo, ezagutu egin behar da, eta, erakusketa honen bidez, gure ondarean sakondu nahi dugu, zer esan nahi duen eta zer elementuk osatzen duten jakin.”
Maria Jose Noain izango da erakusketaren komisarioa, eta Irundik hasita kultur ondarean barna bidaiatzea proposatuko du. Horretarako, modu didaktikoan erakusteko ibilbide bat landu du Noainek, eta artea, musika, etnografia, ondare materiala eta immateriala landuko ditu.
Bilduma osatu ahal izateko hiriko hainbat erakunde eta pertsonek egin dituzte dohaintzak: Arkeolan Fundazioa, CBA Udal Liburutegia, Gordailua (Gipuzkoako Foru Aldundia), Iñaki Etxepare, Irun 1522 Fundazioa, Irungo Atsegiña elkartea, Irungo Udal Artxiboa, José Luis Antia eta Oiasso Museoa.
Erakusketa honako ordutegian bisitatu ahalko da: asteartetik larunbatera, 18:00etatik 21:00etara, eta igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era.