Via Irun baliatuz mugikortasun jasagarriarekin lotutako jarduera berriak sustatu nahi dituzte
KOLAB programaren bidez bultzatuko dute egitasmoa, eta sorkuntzarako nahiz elkarlanean aritzeko gune izan nahi du. Hainbat tailer egingo dituzte hurrengo asteetan.
Via Irun proiektuaren inguruan proiektu berriak sortu nahi dituzte, eta horiei bultzada emateko KOLAB programa eratu dute Irungo Udala, Bidasoa Bizirik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean. Programa horren bidez, sorkuntza eta elkarlanaren bidez, mugikortasun garbiaren, retail 4.0 eta garraio eta logistika aurreratuaren sektoreen inguruko proiektuak martxan jarri nahi dituzte.
Programa aurrera eramateko, hainbat tailer egingo dituzte. Horiek IDOM Consulting enpresak dinamizatuko ditu. Saio horien bidez, eskualdeko enpresa sarearen egungo gaitasunak antzeman, eta aztertutako joeretara egokitzeko duten zer-nolako gaitasunak behar dituzte aztertuko dute. Behin horiek identifikatuta, elkarlanean landuko dituzte proiektu eta ideiak.
Lehenengo saioa egin dute dagoeneko (asteazkenean izan zen Palmera Monteron), eta 26 enpresak parte hartu zuten. Horien artean hamahiru joeren inguruko aukerak landu zituzten. Ander Pomposo IDOMeko kidearen arabera, ideia horiek “birpentsatzen” ari dira. Hurrengo topaketetan “enpresekin elkarlanean eskualdean gara daitezkeen proiektu oso
zehatzetan” lan egingo dutela aurreratu du.
Horiek azaroaren 4, 11 eta 18an (ostegunez) izango dira Palmera Monteron, 09:00etatik 11:30era.
Dagoeneko 35 enpresak eman dute izena, baina oraindik ere zabalik dago epea webgune honetan.