Etxeko Arreta Zerbitzua zonifikazioaren bitartez eramango dute
Modu horretara, zerbitzua hobetzea du helburu udalak. Lantaldetan banatuko dira, eta bakoitzak eremu batean lan egingo du.
Etxeko Arreta Zerbitzuan aldaketak egingo ditu udalak hura hobetzeko asmoz. Hala, zonifikazio eredu bat martxan jarriko dutela jakinarazi du David Nuño Gizarte Ongizate ordezkariak.
Zonifikazio eredu horren arabera, Irun hainbat eremutan banatuko dute, eta bakoitzean lantalde bat egongo da. Lantalde bakoitza autonomoa izango da, eta antolatzeko askatasuna izango du.
Lantalde bakoitzak arduradun bat izango du, erabiltzailearentzat erreferentzia pertsona izango dena, eta gainerako laguntzaileek gerta daitezkeen kontingentziei erantzungo diete. Udalaren arabera, erabiltzaileak lantalde guztia ezagutuko du zerbitzua hasten denetik. “Horrela, laguntzailea aldatu behar bada, ahalik eta eragin txikiena izango du”. Edozein kasutan, helburua Etxeko Arreta Zerbitzuko laguntzailea ahalik eta gutxien aldatzea dela adierazi du.
Nuñok aldaketa horien balorazio positiboa egin du. Horrela, “Etxeko Arreta zerbitzua optimizatzea, erabiltzaileek jasotzen duten arreta hobetzea eta zerbitzua emateaz arduratzen diren profesionalen lan baldintzek onera egitea” espero dutela nabarmendu du.