[Elkarrizketa] "Oso eskertuta nago, nire onena ateratzeko gai izan direlako"
BATek omenaldia egin dio Tokioko Olinpiar Jokoetara eraman dion ibilbideagatik zoriontzeko. Klubaren urrezko intsignia ere jaso du Josema Soto BATeko presidentearen eskutik.

Zein sentsaziorekin bukatu zenuen Tokioko 100 metro hesiko proba?
Sentimendu kontrajarriak eduki nituen. Esperientzia izugarria izan zen, nire kirol ibilbideko onena orain arte, baina lasterketako sentsazioa gazi-gozoa izan zen: ez nintzen oso ondo sentitu. Aurretik, Espainiako Txapelketan oso sentsazio onak eduki nituen, eta aukera ikusten nuen marka 13 segundotik behera jaisteko. Gai nintzelakoan nengoen, baina batzuetan atletismoa horrelakoa izaten da, eta ez dira helburuak betetzen. Horregatik geratu nintzen sentsazio gazi-gozoarekin, entrenatu genuen guztia ez baitzen, gero, lasterketan atera ahal izan.
BATek omenaldia egin zizun hilaren 13an, kirol ibilbide hori aitortzeko. Nola bizi izan zenuen arratsalde hori?
Hasieran ez nekien ez zer izango zen, ez non… ezer ez. Ezkutuan gorde zuten senideek, lagunek… Uste nuen zerbait txikia izango zela petit comite-an. Aurretik, egia da, lagunak-eta aitzakiak jartzen ibili ziren ez etortzeko, eta orain atzera begiratuta, dena ulertzen dut. Hara iristean, mundu guztia topatu nuen, eta sekulako ustekabea hartu nuen, espero ez nuen jendea ikusi nuelako. Oso polita izan zen, eta pentsarazi zidan zenbat jende egon den nirekin Tokiorako ibilbide horretan: 8 urterekin atletismoan hasi nintzenetik honaino. Taula gainera igo ziren nirekin Susana [Ferrera] lehen entrenatzailea; bere senar Ibon [Muñoz] 13 urtetik 22ra entrenatzaile izandakoa; eta egungo entrenatzailea [Ramon Cid]. Maite nauen jendeak parte hartu zuen, eta horiengandik hitz politak jasotzea gustagarria da. Oso polita izan zen.
Klubeko urrezko intsignia jaso zenuen. Bigarren pertsona izan zara jasotzen, eta lehen emakumea. Zer esanahi dauka zuretzat?
Ez nuen espero. Aurretik nire lagun baten aitari [Joseba Sarriegi] eman zioten, eta ni neu ekitaldi horretan bertan izan nintzen txikitan. Beraz, intsignia jasotzeaz harro nago. Gainera, intsignia lortzen duen lehen kirolari emakumea naiz, eta oso pozik nago; oso eskertuta.
Ekitaldian bertan Tokiorako bidean alboan izan dituzun guztiek parte hartu zuten. Denak izan dira garrantzitsuak edo aipamen berezi bat egin nahi duzu?
Garai bakoitzean batzuk presenteago daude eta beste batzuetan beste batzuk. Zortea eduki dut une bakoitzean jendea izan dudalako alboan, eta oso zorioneko sentitzen naiz. Oso eskertuta nago, bakoitza bere momentuan nire onena ateratzeko gai izan zelako, eta pixkanaka baloreak eskuratzen joan nintzelako kirolari eta pertsona bezala. Horiei esker, Ramonengana [Cid] goitik beherako emakume bezala iritsi ahal izan naiz, eta ideiak argi ditudala. Momentu onak eta txarrak izan ditut, denek bezala, baina beti oso pertsona onak izan ditut alboan.
Ekitaldian eskerrak eman zenituen ibilbide profesionala eta kirol ibilbidea uztartzeko aukera eman dizutelako. Nola lortu duzu bi eremuak uztargarri egitea?
Salto System BATen babeslea da. Egun batean Valentziako beste talde baten eskaintza jaso nuen. Une horretan bigarren masterra bukatu berria nuen, eta kezkatuta nengoen lana aurkitu nahi nuelako. Atletismoa kirol minoritarioa da, eta nahiz eta dirua irabazi, ezin dut atletismotik bizi edo ezin dut nahikoa aurreztu bizitza osoan zehar horretatik bizitzeko. Nire kezka zen 30 urteak pasata nik ikasitako horretan lan esperientziarik ez izatea; Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradua ikasi dut, kirolarekin batere zerikusirik ez duena. Orduan, beraiek lan eskaintza bat egin zidaten nire kirol bizitzara moldatutako baldintzekin: entrenamenduak, atsedena… Momentu honetan astean 32 orduko kontratua dut, eta fisioterapeutarengana joan behar badut telelana egiteko aukera ematen didate; edo lehiaketa bat badut, hara joateko aukera ematen didate. Oso eskertuta nago. Beraiei esker bake mentala lortu dut eta hori oso garrantzitsua da pistan emaitza onak izateko. Ez dut uste oso erraza denik horrelako baldintzak ematen dituen enpresa bat aurkitzea.
Tokio ondorengo garai honetan nola entrenatzen ari zara?
Atseden hartu nuen bost astez, dagoeneko martxan gara, eta denboraldi honi aurre egiteko gogoz nabil. Lehiaketa batzuk atzeratu egin zituzten pandemiaren eraginez, eta denboraldi berria Europako eta munduko txapelketez betetakoa izango da. Gogoz nabil, eta lanean segituko dut nire markak hausten jarraitzeko.
Noiz izango da, baina, lehenengo txapelketa?
Abendura bitartean parte hartze askeko txapelketak izaten dira Donostiako belodromoan, eta hori eta gero, lehiaketan sartuko naiz buru-belarri.
Zein txapelketa duzu buruan? Zein da zure helburua?
Pista estaliko munduko txapelketarako gutxienekoa uste dut badudala, baina, edozein kasutan, sasoi onean nagoela erakutsi nahi dut, hautatua izateko. Nire helburua 8 segundotatik jaistea da pista estalian, nire marka pertsonala, eta munduko txapelketara joatea. Martxoan izango da, Belgraden [Serbia].