'Dodoa' diskoa argitaratu du Jabier Muguruzak Iñigo Astizekin batera
Haurrentzako musikaren ibilbideari jarraitu dio Jabier Muguruzak eta hamar kantu sortu ditu Iñigo Astizen poesia musikatuz.
Dodoa haurrei zuzendutako diskoa sortu du Jabier Muguruzak Iñigo Astizekin batera, Berriak jakitera eman duenez. Astizen hamar poesia, hamar haur kantu bilakatuz osatu dute lana, eta Mara-Mara zigiluaz sinatu dute.
Ez da lehen aldia elkarlanean aritzen direna Muguruza eta Astiz. Diskoaren grabazioan hainbat musikari izan dituzte lagun: Mikel Azpiroz, Jean Mari Ekai eta Karlos Aranzegi,; eta Nieves Arillak eta Muguruzak berak jarri diete ahotsa kantei.
Irundarrak 1989an argitaratu zuen Ja ja deituriko haurrentzako bere lehen lana, eta ordutik bere ibilbidean luze aritu da genero honetan lanean. Haren hitzetan, serio hartu du haur musikan lan egitea, eta bat egin du Astizekin esaterakoan haurrentzako disko bat egitea ez dela “bigarren mailako musika egitea”.