Diskriminazio anizkoitza jasaten duten emakumeen errealitatea jakiteko azterlan bat aurkeztu du udalak
Indarrean dagoen Berdintasun Planari jarraituz, hiriko emakumeek jasaten dituzten diskriminazio aniztunak aztertu ditu Parean Elkarteak, udalak eskatuta. Azterketaren ondorioak azaldu ditu gaur Miren Etxebeste Berdintasun ordezkariak.
Diskriminazio anizkoitza jasan dezaketen Irungo emakumeen egoera zein den zehazteko azterketa kualitatibo eta kuantitatibo bat egin du udalak, eta ondorio nagusiak aurkeztu ditu gaur Miren Etxebeste Berdintasun ordezkariak. Ikerketa hau Berdintasun Planean aurreikusitakoa dela, udalaren aginduz Parean Elkarteak egin duela eta 11.325,6 euro erabili dituztela azaldu du ordezkariak.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legeak dioenez, diskriminazio aniztuneko egoeran ager daitezkeen beste faktore batzuk dira arraza, kolorea, jatorri etnikoa, hizkuntza, erlijioa, iritzi politikoak edo bestelakoak, eta horregatik, azterlan honen beharraren garrantzia nabarmendu du Etxebestek: “Nabarmentzekoa da azterlan honen garrantzia, erakusten baitigu emakumea izatea faktore intersekzionala dela, eta beste diskriminazio kausa batzuekin batera agertzen da, hala nola arrazializazioarekin edo pobreziarekin”.
Beren burua emakume gisa identifikatzen duten pertsonak izan dituzte ardatz, eta xedea hainbat intersekziorekin bat egiten duten diskriminazioak behatzea eta aztertzea izan da, gero Berdintasun Planean neurriak edota lan ildoak proposatzeko. Landutako intersekzio multzoak honako hauek izan dira: jatorria, migrazioa eta arrazializazioa, bizi zikloak eta adina, dibertsitate funtzionala, familia eta genero dibertsitatea edota sexu orientazioa, eta klase soziala eta pobrezia.
Behin intersekzio hauek identifikatuta, sei gai aztertu dituzte: osasuna, kultura eta kirola, enplegua, genero indarkeria, gizarteratzea eta hirigintza eta garraioak. Ondoren, hainbat neurri proposatu dituzte emakume horien eguneroko bizitza hobetu ahal izateko:
- Osasuna: Lasaitzeko espazioak eta sexu transmisioko infekzioak kontsultatzeko lekuak sortzea.
- Hezkuntza: Egon daitekeen segregazioa aztertzea, generoaren eta desgaitasunaren ikuspegi bikoitza txertatzea, dibertsitatearen inguruko sentsibilizazioa eta sexu langileen estigmatizazioa desagerraraztea.
- Kultura eta kirola: Adineko emakumeei zuzendutako eskaintza sustatzea, desgaitasuna duten emakumeen parte hartzea ikertzea edo guraso bakarreko familiak aitortzea.
- Lana: Zaintza lanen aitortza lantzea, genero indarkeriaren alorrean. Hori lantzeko, eztabaida taldeak sortzea, baita haiei arreta ematen dieten profesionalei desgaitasunari eta generoari buruzko prestakuntza ematea ere.
- Hirigintza eta garraioak: Azterlanetan sexuaren araberako desgaitasunaren aldagaia sartzea eta baliabideak egokitzea.