Martxan da bonuen kanpaina berria
Hilaren 29ra arte edukiko dute aukera saltoki nahiz taberna eta jatetxeek bat egiteko, eta kanpaina azaroaren 4tik abenduaren 5era luzatuko da.
Martxan da beste behin Irungo merkataritza eta ostalaritzari bultzada emateko laugarren bonuen kanpaina. Erabiltzaileentzat azaroaren 4ean hasi eta abenduaren 5ean bukatuko da, baina kanpainara batu nahi duten saltoki nahiz taberna edota jatetxeek hilaren 29ra arte egin ahal izango dute
Neguko bonuen kanpainak 150.000 euroko aurrekontua izango du, eta, guztira, 650.000 euro bideratu ditu udalak 2020k udatik. Orduan egin zen bonuen lehen kanpaina.
Bonuen kanpaina berria Gabonetako erosketen testuinguruan kokatu dute. Hain zuzen, gaur goizean egin dute aurkezpena Juncal Eizagirre Hiri Bultzadako ordezkariak eta Bidashop nahiz Mugan merkatarien elkarteko ordezkariek. “Normaltasunera itzultzen hasi garen honetan, ezin ditugu alde batera utzi gure dendak eta ostalaritzako establezimenduak, hiriko familia asko haietatik bizi baitira”, adierazi du Eizagirrek.
Funtzionamendua aurreko edizioen antzekoa izango da, eta erosketak egiterakoan NANa baino ez da aurkeztu beharko. Erabiltzaileak 16 urtetik gora izan beharko du, eta hamar bonurako eskubidea izango du. Bonua erabili ahal izateko gutxienez 30 euroko erosketa egin beharko da. Kasu horretan, 10 euro erosleak jarriko lituzke, eta 20 euro establezimenduak. Azkenik, erosketa bakoitzean erabiltzaile horren bonua baino ezingo da erabili. Erosketa batean bakarrik edari alkoholdunak badaude, salerosketa hori bonuen kanpainatik kanpo geratuko da.
Bonuen kanpainan parte hartzera geroz eta establezimendu eta erosle gehiago animatzen direla jakinarazi dute ordezkariek. Udako azken kanpainan 213 establezimendu eta ia 8.000 herritarrek parte hartu zuten.