Ostiraletik bisita daiteke 'Hadrianoren harresia' erakusketa Oiasson
Ingalaterrako iparraldean dauden Hadrianoren Harresian eta Vindolandan 1930eko hamarkadatik egindako indusketetan agerian geratu diren aurkikuntza arkeologikoen argazkiak eta zenbait piezen erreplikak ikusi ahal izango dira.
Oiasso Erromatar Museoak ‘Harresia’ izeneko erakusketa inauguratuko du ostiral honetan (hilak 22). Ingalaterrako iparraldean dauden Hadrianoren Harresiaren eta Vindolandako mugako kanpamenduaren gainekoa izango da, 1930eko hamarkadatik egindako indusketei esker agerian geratu diren aurkikuntza arkeologikoen argazkiak eta zenbait piezen erreplikak jasoko dituzte.
Garaiko objektu organiko ugari gorde direla diote museoko iturriek, bereziki idazteko euskarri gisa erabiltzen ziren zurezko oholtxoak. Erakusketan Britania Handiko iparraldeko soldadu talde baten egunerokoa ezagutuko dute bisitariek.
Ostiraletik bisitatu ahal izango den arren, ostegunean inaugurazio ekitalditxo bat egingo dute 19:00etan. Bertan, bisita gidatua eskainiko du Maria Millan erakusketako komisarioak. Bestalde, abenduaren 10ean Albert Angles-Minguell Violandan egindako indusketetako laguntzaileak hitzaldi bat eskainiko du.
Erakusketa urtarrilaren 30era bitarte bisitatzeko aukera izango dute herritarrek, asteartetik igandera 10:00etatik 14:00etara eta ostiral eta larunbatetan 16:00etatik 19:00etara.