Aurtengo 'Alkatea auzoetan' programa "berrasmatu" du udalak
COVID-19ak eragindako etenaldiaren ostean zenbait aldaketa egin dituzte, “kalera gehiago ateratzeko, auzotarrei parte hartzeko aukera gehiago eskaintzeko eta eskatzen digutena bertatik bertara ezagutzeko” asmoz.
COVID-19aren pandemiak eragindako etenaldiaren ostean, bueltan da ‘Alkatea auzoetan’ programa. Aurtengoa “berrasmatu” du udalak, zenbait aldaketa egin dituzte, “kalera gehiago ateratzeko, auzotarrei parte hartzeko aukera gehiago eskaintzeko eta eskatzen digutena, kezkatzen dituena, egin duguna… bertatik bertara ezagutzeko”, esan du Jose Antonio Santano alkateak.
Astebetez alkatea auzo bakoitzeko bizilagunekin bilduko da, eta zuzenean egiteaz gainera, haien proposamenak eta iradokizunak helarazteko guneak ere jarriko dituzte, karpa batzuk instalatuko dituzte.
Lehen saioa Behobia auzoan egingo dute, datorren asteko asteartean (hilak 26).
Horrez gain, astelehenetik (hilak 25) gune bat jarriko dute lotura honetan, auzotarrei nolanahiko gaiak azaltzeko.