'30 hiria' izateko esperientziaren berri emango du udalak hiri arteko VI. topaketan
Hiri barruko bide gehienetan abiadura 30 kilometro ordura mugatu da, baina Irunek 2011tik hasi zuen ibilbide hori. "Esperientzia aitzindariaren" berri emango dute udaleko ordezkariek Zaragozan.
Trafiko Zuzendaritza Nagusiak hirietako mugikortasuna hobetzeko hiri arteko VI. topaketa egingo du Zaragozan, bihar eta etzi (hilak 21 eta 22). Eta bertan izango da Irungo Udala, hiri barruko bide gehienetan abiadura 30 kilometro ordura mugatu beharra ezarri berri baita, eta aspaldi eman zuen pauso hori Irunek, 2011n hain zuzen ere. “Esperientzia aitzindari” horren berri emango dute udaleko ordezkariek.
‘Ciudades 30: calles seguras, sostenibles, saludables y habitables’ izeneko mahai inguruan parte hartuko du Jose Antonio Santano alkateak. Bertan, orain arte bildutako datuak emango ditu, Borja Olazabal Mugikortasun saileko ordezkariarekin batera.
“Mugikortasun ereduak, hirietakoak batez ere, aldatu egin behar du, eta aldatzen ari da. Horrelako foroak gure esperientziaren berri emateko aukera bat dira, eta, aldi berean, badira beste hiri batzuetako bideko segurtasunari buruz eztabaidatzeko eta ikasteko aukera bat ere. Hiriguneen helburuak bizigarriagoak izatea izan behar du, eta, horretarako, beharrezkoa da trafikoa arintzea; horrela, zarata eta kutsadura hobetzea
lortuko dugu”, esan du alkateak.