'Wikimujeres' izeneko proiektua aurkeztuko dute Kabigorri ateneoan
Wikipedia entziklopedia irekian "gizonezko eta emakumezkoen artean dauden hutsuneak" identifikatuko dituzte osteguneko saioan.
Irungo emakume talde batek Wikimujeres izeneko proiektua aurkeztuko du etzi (hilak 21) Kabigorri ateneoan. Wikipedia entziklopedia irekian “gizonezko eta emakumezkoen artean dauden hutsuneak” identifikatuko dituztela aurreratu dute antolatzaileek. 19:00etan bilduko dira.
Premiazkotzat jo dute emakumeek pairatzen duten eten digitala “murriztea eta garapena sustatzea, gure ahotsak oso maskulinizatutako mundu batean ikusgai bihurtuz”. Horretarako datuetara jo dute, 2010ean Nazio Batuen Unibertsitateak eta UNU-MERITek elkarrekin aurkeztutako Wikipediaren gaineko inkesta globalaren emaitzetara hain zuzen ere. “Ikerketak agerian utzi zuen Wikipedian editatzen duten pertsonen %13a baino gutxiago emakumeak direla. Hutsune digitala nahiko aztertu duten frogek adierazten dute emakumeek orokorrean presentzia txikiagoa dutela ingurune digitalekin lotutako arloetan, eta horrek emakumearen presentzia urria berresten du Wikipedia proiektuan ere”, esan dute.
Gainera, emakumezko editoreak gutxi izateak Wikipedian dauden emakumezkoen biografia kopurua ere baxua izatea eragiten duela erantsi dute. Esaterako, gaztelaniazko edizioan pertsona garrantzitsuen bost biografiatik soilik bat dagokio emakumeari. Horregatik beharrezkoa ikusi dute “gizarte ezberdinetan ikusezin egin diren emakumeak ikustaraztea”.
Wikipediaren funtzionamendua ezagutu eta emakumeen eta gizonezkoen arteko hutsuneak zeintzuk diren aztertuko dituzte hilaren 21eko saioan. Irundar orori luzatu diote bertaratzeko gonbita.