Nazioarteko geltoki berria eraikitzeko proiektua aurkeztu dute
Via Irun proiektua garatzeko sortutako jarraipen batzordeak bilera egin zuen atzo. Azken aurrerapenen berri eman zuten bertan, eta etorkizuneko geltokiak izango duen itxura aurreratu zuten.
Irungo trenbide eremuan hiria berroneratzeko eta garatzeko jarraipen batzordeak beste bilera bat egin zuen atzo. Alkateaz gain, aldundiko, ETSko eta ADIFeko ordezkariak izan ziren bertan, azken aurrerapenak errepasatzen. Erakundeek egindako zuzenmenen egoeraren berri eman zuten atzoko saioan. Besteak beste, nazioarteko geltoki berria eraikitzeko proiektua aurkeztu zuten, iruditeria eta guzti.
Azaldu zutenez helburua lanak 2022ko lehenengo seihilekoan lehiaketara ateratzea da. Horrez gain, gaineratu zuten inguru osoa eta Aduana kalea eta Pio XII plaza lotuko dituen pasarelaren proiektua lantzen jarraitzen duela udalak, baina horretarako aurretik hitzarmen bat sinatu beharko dutela alde guztiek.
Alkatea pozik agertu zen bileraren ostean. “Irungo geltokia pixka bat gertuago dago, eta, beronekin, hamarkadak lantzen daramagun proiektu baten lehenengo fruituak. Datozen urteetan, hiri honen garapena aukeraz beteta egongo da hirigintzaren, ekonomiaren eta mugikortasunaren ikuspegitik, eta, gaur, beste pauso bat eman dugu garapen horretan mugarri izango den bidean”, esan zuen atzoko saioaren ostean.
Era berean, udalak egun abian dituen lan ildoen berri ere eman zuten, zehazki, Plan Nagusiaren aldaketarena eta hirigintzaren ikuspegitik dena hiri bilbean integratzeko diseinuarena. Bestalde, aurreratu dute Zaisa izango dela proiektuaren kudeatzailea, proiektuan sartu dela baieztatu ondoren.