Bretxako eremua memoria historikorako gune izendatzea proposatu du PSE-EEk
ETAk borroka armatua utzi zuela 10. urteurrena beteko dela-eta egin dute sozialistek proposamena; «biktima guztien memoriari balioa ematea» da helburua.
Bretxa memoria historikorako gune gisa izendatzea proposatu du Hondarribiko PSE-EEren udal taldeak komunikabideetara igorritako ohar baten bidez. Bihar, hilak 20, ETAk borroka armatua bukatutzat eman zuela 10.urteurrena beteko da, eta horren harira egin du proposamena talde sozialistak.
«Biktima guztien memoriari balioa emanez, eta eta bakea lortzeko lagundu zuten herritar guztiak aintzat hartuz, bakearen, elkarbizitzaren, eta pedagogiaren bidean urratsak egitea falta zaigu», adierazi dute. Era berean, gatazkaren gainean zer-nolako pertzepzioa duten jakiteko «gazteengan arreta berezia» jarri behar da haien ustez, eta etorkizunean, «behar sozial eta ekonomikoetan» zentratzera deitu dute.
Hala, «oroitzeko» eta «hausnartzeko» lekua izan beharko luke Bretxak, «leku historikoa baita hondarribiarrentzat».