Aire zabaleko kirol ekipamendu berriak ditu Oinaurrek
Clara Campoamor kalean kokatu dute eremu berria. Askotariko kirol ekipamenduak eraiki dituzte.
Bost hilabeteko lanen ostean, Oinaurrek jada aire zabaleko kirol ekipamendu berriak estreinatu ditu. Gaur bisitatu ditu Cristina Laborda Obra saileko ordezkariak. Clara Campoamor kalean kokatu dute kirol eremu berria.
“Oinaurre asko hazi da azken urteetan. Ekipamendu eta hobekuntzei dagokienez, gogoan izan behar dira haurrentzako jolasen parkea eta Katearekiko oinezko konexioa hobetzeko lanak. Bada, gaurtik aurrera, beste pauso bat emango dugu kirol kantxa batez eta aire zabalean ariketa fisikoa egiteko elementuez osatutako erabilera anitzeko gunearekin”, esan du bisitan ordezkariak.
Hainbat ekipamendu ditu kirol eremu berriak: 30m x 15m-ko kirol kantxa bat (hainbat kirol jokatzeko egokituta), saskibaloian aritzeko eremu bat eta ping-pong mahai bat. Gainera, aire zabalean kirola egiteko eta kalistenian aritzeko elementuak ere jarri dituzte. Sarbide nagusia Clara Campoamor kalean dago, eta bereziki oinezkoentzako izango den arren, larrialdietako ibilgailuak eta mantentze lanetakoak sartu ahal izango dira, puntualki. Bigarren sarbide bat ere izango du ekialdean, soilik oinezkoentzako. Honek Zapatainzabala kalearekin lotuko du eremu berria, eskailera batzuen bidez (9:00etatik 21:0etara izango da ordutegia).
Kirolerako gailuez gain, euri urak husteko eta eremua argitzeko azpiegiturak ere eraiki dituzte, “eremu berriek drainatze eta argiteria egokia dutela bermatzeko”. Iturri bat ere jarri dute. Orotara, 327.388,48n euroko inbertsioa egin du udalak.