220.000 eurotik gora banatuko ditu udalak GKEen artean
2020 eta 2021eko lankidetza eta elkartasun proiektuak dira diruz lagunduko dituztenak; deialdiak atzeratzeagatik jasotako kritikak bukatutzat eman ditu Gotzone Larrartek.
221.078 euro bideratuko ditu Hondarribiko Udalak gobernuz kanpoko erakundeak (GKE) laguntzera. Gotzone Larrarte Lankidetza zinegotziak zabaldu duenez, 2020 zein 2021eko proiektuak dira deialdi honetan onartu direnak. Ildo horretan, Behe Bidasoko hainbat GKEek salatu bezala, zailtasunak egon direla aitortu du Larrartek: «Duela hilabete batzuk onartu nuen arazoak genituela diru laguntzen kudeaketan, baina gobernu taldetik hitza eman genuen laguntzak deitu eta emango zirela». Izapide administratiboak arintzeko hainbat lan bilera mantendu dituzte GKEetako ordezkariekin.