Sasoiko azken Girabira, igandean
Mendibil parkean egingo dute urteko azken Girabira. 11:00etan tailerrak hasiko dira, eta 12:00etan The Beatles talderen kantuen bertsioekin kontzertua.
2021ko Girabira bukatzear da. Igandean da sasoiko azken saioa, Mendibil parkea. Duela bi asteburu zen egitekoa Txikimusika oinarri izango duen saioa, baina orduko hartan eguraldi txarra egin, eta etzirako antolatu dute. Musika izango da nagusi.
11:00etatik aurrera tailerren txanda izango da, haurrentzat bereziki. Adinaren araberako lau tailer izango dira, bakoitzean adin tarte horri dagokion gaitasunak garatuz. Horien xehetasunak Girabiraren webgunean aurki daitezke. Oharra: duela bi aste tailer horietarako izena eman zutenek, etzikoetan plazak mantenduko dituzte. Hortaz, udalak jakinarazi du tailer horietako batzuetan jada ez dagoela plazarik.
Tailerren ondoren, kontzertua. La Fantástica Banda Plays The Beatles taldeak joko du. Argi dago Madrilgo talde horrek Liverpool-go talde ospetsuaren bertsioak jotzen dituela, baina era didaktiko eta parte hartzailea darabil munduan entzunenetakoak izan diren abestietaz gozatzeko.