[Erreportajea] Operazio gelak urte eta erdiz ixteko asmoa du Osakidetzak
Kirurgia unitatea berritzeko beharra medio ebakuntza geletako jarduera Donostiara lekualdatu nahi du Osakidetzak. Langileak kezkatuta agertu dira, eta obrak «zatika» egiteko eskatu dute.
Bidasoa ospitaleak eskainitako zerbitzu sortan aldaketak iragarri ditu Osakidetzak datozen hilabeteetan. Zehazki, ebakuntza gelak eta erreanimazio unitateak hemezortzi hilabetez itxiko ditu Osasun Sailak, jarduera Donostia Ospitalera eta Onkologikora lekualdatuz. Bidasoko osasun langileek kezka agertu dute itxierak eragingo dituen ondorioekin. Proiektua ez dela behin betikoa erantzun du Osakidetzak ohar baten bidez.
Bloke kirurgikoa berritzeko premia da Osakidetzak egindako proposamenaren zergatia. Orain dela 30 urte zabaldu zituzten operazio gelak eta erreanimazio unitateak, eta «zaharkituak» geratu direla-eta egin nahi dituzte obrak. Haatik, traumatologia, anestesiologia eta bizkortzea, larrialdiak eta ebakuntza gela esparruetako langileek erabakiarekin desadostasuna agertu dute publiko egindako bi idatziren bidez.
«Zatika» egiteko proposamena
Josune Agote ELA sindikatuko ordezkaria da Bidasoa ospitalean. Langileek ebakuntzetarako unitatea berritzea begi onez ikusten dutela adierazi duen arren, «Osakidetzak bloke osoaren itxiera» aurrera eramatearen aurka dago: «Zatika egitea proposatu zaio Osakidetzari, baita eraikin gehigarri bat egitea ere behin-behineko operazio gelekin, gerora, gune hori beste zerbaiterako baliatuz».
Irungo, Hondarribiko eta Bortzirietako 90.000 bat herritarri zerbitzua ematen dio Bidasoa ospitaleak. Pazienteak 25 kilometro lekualdatu beharko dituzte, eta horrek kezka eragin du osasun langileen artean. Agoteren arabera, Bidasoa ospitaletik Donostia ospitalera 20 minutu behar ditu anbulantziak; hori kontuan izanda anbulantzia 24 orduz bertan –ospitalean– egotea: «Anbulantzia beste zerbitzu bat egitera joaten baldin bada, zer?».
COVID-19aren lehen olatuan presazko arreta pediatrikoa Donostiara lekualdatu zutenekoa gogorarazi du Agotek: «Soilik 20 minutu zirela –Donostia ospitaleraino– zioten, baina ume bat ezin arnasik hartu, itota, eta urdin kolorez etorriz gero, 20 minutu horiek ez zituela izango esan genien. Gauza bera gerta daiteke orain; ez dira soilik 20 minutu».
Larrialdi kasuez gain, osasun langileen egunerokoan eragingo duela lantokia Donostiara eramateak uste du ordezkariak. Izan ere, kilometrajearengatik konpentsazio ekonomikoa jasoko luketen arren, denboran jarri du fokua langileak: «Autoan 20 minutu baino gehiago behar dira, gehi aparkatzea; garraio publikoa baliatuz gero, ordubete baino gehiago hartzen du ibilbide bakoitzak baldin eta atzerapenik gabe funtzionatzen badu. Hortaz, egunerokoan bi ordu luzatuko litzateke lanaldia. Lan baldintzek zeharo okerrera egingo lukete».
Horrez gain, Agoteren arabera, soilik zenbait langile lekualdatuko dituzte Donostiara. Gaueko txandekin zer gertatutako ote den ere ez dakitela erantsi du: «Lan baldintzen prekarizazioak eta galera ekonomikoek ez lukete langileen gain egon beharko».
Gogoetarako tartea
Osasun langileek bi ohar kaleratu dituzte erabakia salatzeko. Anestesia sailak publiko egin duenez, erabakia «aldebakarrekoa» izateaz gain, Euskal Herriko ospitale publiko batean lehen aldiz jarduera kirurgikoa bere osotasunean hemezortzi hilabetez kenduko dute. Horren ondorioz, jarduera 25 kilometrora eramango dute, «gaixoei eta haien senideei beste nahaste bat gehituz». Zentzu horretan, Bidasoa ospitalean ematen dituzten «kalitatezko zerbitzua eta segurtasuna» ez direla bermatuko gaineratu dute: «Hemezortzi hilabetez ez dute aurreikusi ez larrialdietako ebakuntza gelarik, ezta zainketa unitaterik ere». Lau aste barru egingo dute bi aldeek hurrengo bilera.