Elkarrekin Podemosek kezka agertu du Bidasoa Ospitaleko lanek herritarren arretan izan dezaketen ondorioengatik
Instalazio kirurgikoak modernizatzeko proiektua dela eta, ebakuntza gelak 18 hilabetez Donostiako Onkologikora eramango dituztenez, arazo handiak ekarriko dituela iritzi dio.
Bidasoa Ospitalean instalazio kirurgikoak modernizatzekoak dira. Elkarrekin Podemos-IUk beharrezkotzat jotzen du proiektua, “pazienteei zerbitzu hobea ahalik eta lasterren eskaini ahal izateko”. Nolanahi ere, kezkatuta agertu da hori gauzatu bitartean sor daitezkeen arazoekin.
Ebakuntza gelak Donostiako Onkologikora eramango dituzte 18 hilabetez, eta 100.000 biztanleko eskualdea baliabide hori gabe geratuko dela adierazi du koalizioak. “Era berean, defizit larria eragingo du larrialdietako arretan, ospitaleak ez baitu zerbitzu horretarako ebakuntza gela espezifikorik izango denbora tarte horretan”, gaineratu du.
Horrez gain, arduratuta agertu da ospitaleko kudeaketarekin eta langileek salatutako egoerarekin, eta, zentzu horretan, gardentasunaren alde egin du: “Bai ospitaleko profesionalei bai herritarrei behar bezalako informazioa eman diezaietela proiektu horri ekin aurretik”. Gainera, eskualdeko herritarrei kalitatezko osasun arreta emango zaiela bermatzeko plan egokia eskatu du.
Azkenik, osasun arloko profesionalei “laguntza irmoa” eskaini die, “egunez egun lana egiteko berme guztiak” behar dituztelako. “Erantzunkizunez eta gardentasunez jokatzea eskatzen dugu, proiektu hau eta etorriko direnak ahalik eta hobeto gauzatzeko”, ondorioztatu du.
Bihar HITZAk Bidasoa Ospitaleko lanei buruzko erreportaje bat argitaratuko du.