Beñat Elzo lasterketa bertan behera geratu da bigarrenez
Osasun neurrien arintzea iristeko zain zeudela lasterketa prestatzeko denbora agortu zaiela ezagutarazi dute antolatzaileek; norbere modura «Beñaten eguna ospatzera» animatu dituzte herritarrak.
Beñat Elzo Mendi Lasterketaren VII. ekitaldia bertan behera utzi du antolakuntza taldeak, aste honetan ezagutarazi duenez. «Ziurgabetasun handikoak izan dira azken hilabeteak, eta nahiz eta esperantzaz azken unera arte itxoin dugun, berme eta denbora nahikorik gabe geratu gara. Azaroaren 1ean egin ohi dugun lasterketa berriz ere bertan behera uztea erabaki dugu», adierazi dute oharrean. Norbere modura «Beñaten eguna ospatzera» animatu dituzte herritarrak.