Belaunaldien arteko balioen transmisioa sustatzeko lehenengo foroa sortu dute
Balioen Loratzea programaren baitan, adinekoen eta gazteen arteko I.Foro Topaketa egingo da. Helburua, belaunaldien artean eta pandemia garaian konpromiso soziala garatzea izango da.

Martindozenea Gaztelekuan egingo dute topaketa.
Adinekoen eta gazteen arteko I. Foro Topaketa sortu dute eta urriaren 18an 17:30etik 19:30era izango da Martindozenean. Balioen Loratzea programaren baitan garatu da egitasmoa, eta Rebeca Gonzalez Balioetarako ordezkariak azaldu du programaren helburua “belaunaldien arteko balio transmisioa sustatzea” dela.
Izan ere, pandemiaren eraginetik dator dinamika eta programa horren beharra Gonzalezek azaldu duenez, erronka berriei egin behar izan baitiete aurre gazteek eta adinekoek: “Batez ere, bakarrik bizi direnek, konfinamenduaren ondorioz gizartearengandik eta familiarengatik bakartuta bizi izan direlako”.
Foro Topaketarekin hainbat balio jarri nahi ditu udalak mahai gainean, eta hala adierazi du ordezkariak: “Gazteei ohartaraztea zer garrantzitsuak diren balioak osasun larrialdiko egoeretan eta zer garrantzitsua den adinekoek betiko balioak transmititzea; pandemia garaian gazteen eta adinekoen arteko elkartasuna bistaratzea; belaunaldien artean balioak transmititzeko guneak sor daitezen bultzatzea; eta belaunaldirik gazteenek pandemia garaian azaleratu dituzten balio positiboak nabarmentzea”.
15 eta 25 urte bitarte dituzten gazteek eta hiriko zentro sozialetan dabiltzanek ahalko dute parte hartu. Horretarako, izena eman beharko dute orrialde honetan, hilaren 13 eta 23 artean.