Ohiko agenda berreskuratzeko urratsa egin du Zuloaga Etxea udal liburutegiak
2021. urteko azken hiruhilekorako egitarauaren berri eman dute gaur goizean Kote Guevarak eta Juan Luis Silanesek; pixkanaka normaltasunera egokitzen ari direla eskaintza azaldu dute.
Zuloaga Etxea udal liburutegia ohiko agenda berreskuratzen ari da pixkanaka. COVID-19 gaitzaren aurkako osasun neurriak bertan behera geratu ondoren, 2021. urteko azken hiruhilekorako egitarauaren berri eman dute gaur goizean Kote Guevara liburuzainak eta Juan Luis Silanes Kultura zinegotziak prentsa aurrean egindako agerraldian.
Dagoeneko literatur tailerrak berreskuratu dituztela ezagutarazi du liburuzainak, eta bihartik, ikasleen bisitei helduko diete berriz ez. Gaineratu duenez, pandemiarekin batera liburutegira joateari utzi zion jendea ere berreskuratzen ari dira pixkanaka.
Aurrera begira, udazkenean zehar egingo dituzten zenbait jarduera eta ekitaldi aurreratu ditu Guevarak. Hala, urriaren 24an Liburutegien Nazioarteko Eguna dela-eta liburutegiei eskainiko diote hil honetako programazioa; azaroan, berriz, xakearen txanda izango da Marlaxkarekin sortutako elkarlanari esker, eta nola ez, Gau Beltzak bere tartea ere hartuko du; eta abenduan, azkenik, Gabonak eta haurrak izango dira protagonistak.
2022an, bestalde, Txanogorritxuren inguruko proiektua abiatuko du Zuloaga Etxea udal liburutegiak. Guevarak azaldutakoaren arabera, Frankestein edo Moby Dick zikloen antzeko egitasmoa izango da datorren urtean garatuko dutena.
Ondokoa da urrirako aurreikusitako programa. Azaro eta abendurako egitaraua zehaztu gabe dago, datak gerturatu ahala ezagutaraziko dute.
- Bihar (hilak 14). Egiluzeko ikasleen bisita.
- Hilak 20. Emilio Estevez zuzendariaren La biblioteca proiektatuko dute.
- Hilak 22. Ingelesezko ipuin kontaketa Ana Francoren eskutik.
- Hilak 23. Liburutegiko zerbitzuak San Pedro kaleko azokara eramango dituzte.
Hondarribiko Udalaren urriko kultur agenda ezagutzeko, bestalde, bertan sartu.