Gizon bat atxilotu dute gorroto delitua egitea leporatuta
Taberna bateko zerbitzariari behin eta berriro bere sexu izaeragatik mehatxatu eta iraindu ondoren atxilotu dute. Ertzainei aurre egin die atxiloketa unean.
Ertzaintzak 32 urte gizon bat atxilotu du Irunen taberna bateko zerbitzariari bere sexu izaerarengatik behin eta berriro mehatxatu eta iraindu ondoren.
Igande arratsaldean izan ziren gertakariak. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, dagoeneko sarrera debekatua zuen kafetegira sartu zen gizona, eta zerbitzariak lokaletik irteteko eskatu zion. Gizonak, ordea, uko egin zion behin eta berriro. Establezimenduan zeuden bi ertzainek lokala uzteko agindu zioten, eta, azkenean, hala egin zuen.
Ertzaintzak gaineratu duenez, handik 20 minutura, ordea, berriro bueltatu zen gizona, eta bi aldiz saiatu zen kafetegian geratzen. Orduan egin zizkion ustez mehatxu eta irainak bere sexu izaeragatik emakumeari.
Zerbitzariak Ertzaintzaren patruila bati eman zion gertatutakoaren berri, eta ertzainek kafetegiaren inguruan atxilotu zuten gizona. Aurrekari ugari dituela jakinarazi du Segurtasun Sailak, eta ertzainei aurre egin ziela atxiloketaren unean.
Gorroto delitua eta agintaritzari jarkitzea leporatu diote.