'Gure faunari eta florari begira' lana argitaratu dute Iñaki Sanz-Azkuek eta Eñaut Agirrek
Hernani inguruko fauna, flora eta euskara uztartu dituzte Iñaki Sanz-Azkue biologoak eta Eñaut Agirre filologoak argitaratu berri duten liburuan.
Jaiotzez hernaniarra aspaldi bizi da Hondarribian Iñaki Sanz-Azkue biologoa. Hamaika lanean murgilduta ibili ohi da Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia Saileko kide eta ingurumen hezkuntzako proiektuen koordinatzailea, azkena, Gure faunari eta florari begira. Urumea bailarako natura eta ahozko ondarea: euskara, ezagutza, sinesmenak... liburua. Hernani inguruko flora, fauna eta euskara aztertu dituzte bertan Sanz-Azkuek eta Eñaut Agirre filologoak.
Liburuak 150 espezie jasotzen ditu, bost taldetan banatuta: arrainak, anfibioak, narrastiak, txoriak eta ugaztunak. Hernanin erabilitako izenak eta aldaerak biltzeaz gain, beste euskalki batzuetako eta euskara batuko formak ere jaso dituzte bertan; guztira, 600dik gora. Izen zientifikoa eta gaztelaniazko zein frantsesezko izendapenak ere irakur daitezke argitalpenean.