Mugikortasun Mahaia bildu arte bertan behera geratu da Portua proiektua
Amuitz merkatarien elkarteko ordezkariekin bilera egin ondotik hartu du erabakia gobernu taldeak; gaur arratsalderako deitutako manifestazioa bertan behera utzi dute komertzianteek.
Mugikortasun Mahaia bildu arte Portua proiektua bertan behera uztea erabaki du Hondarribiko EAJren udal gobernuak. Neurriak soilik igande eta jaiegunetan aplikatuko zirela iragarri zuten arren, Amuitz merkatarien elkartearekin bilera egin ondotik egitasmoa etetea hobetsi zuen atzo jeltzaleen gobernu taldeak. Azaroaren 3an bilduko da Mugikortasun Mahaia.
Txomin Sagarzazu alkateak adierazi duenez, “autokritika egiten dugu, ez dugulako asmatu komunikatzeko eta abian jartzeko moduetan. Zalaparta handia sortu da eta iritzi ezberdinak daude, horregatik, komeni da neurrien ezarpena atzeratzea”.
Amuitz elkarteko Maria Carrera ordezkaria “lasaiago” agertu da udal gobernuak hartutako erabakiarekin. HITZAri adierazi dionez, komertzianteak ez daude aldaketen aurka, “baina pixkanaka, hitz eginda eta alternatibak emanez egin behar dela uste dugu”. Ildo horretan, joan den ostiralean neurriak indarrean sartu zirenetik salmenten “jaitsiera nabarmena eta garrantzitsua” izan dutela erantsi du.
Egoera berria ikusirik Amuitzek bertan behera utzi du gaur arratsalderako deitutako manifestazioa.
HITZAk Portua proiektuaren inguruko erreportajea kaleratu du gaur papereko edizioan. Neurri berriak ezagutu aurretik bidali zen zenbakia inprentara.