Jostun kalean egoteko gune bat eraikitzeko lanak hasi dituzte
Proiektuarekin auzotarrek hiri espazio hori erabiltzea sustatu nahi du udalak, eta "jolaserako eta egoteko leku bat irabaztea" da helburua.
Irungo Udaleko Obra sailak jakinarazi berri duenez, martxan dira Oinaurreko Jostun eta Inude kaleen bidegurutzean egoteko gune bat eraikitzeko obrak. Bertan eraikitzen ari diren kirol gunearen ondoan eraikiko dute.
Egun, bi banku eta zaborrontzi bat daude bertan, eta gaur-gaurkoz eremuak erabilerarik ez duela diote udaletik. Proiektuarekin auzotarrek hiri espazio hori erabiltzea sustatu nahi du udalak, eta “jolaserako eta egoteko leku bat irabaztea” da helburua. “Eremu eszeniko bat” eraikiko dute, markesina edo estalki batekin. Bankuez gain, mahai bat eta hormigoizko aulkiak ere jarriko dituzte, zaborrontzi eta iturriaz gainera.
Bi hilabetetan amaituko dituzte obrak. 87.177,1 euroko inbertsioa egingo du udalak.