Maila goreneko windsurflariak bilduko dira bihartik Hondarribian
Hondarribiko Itsaskari Baitak Munduko Raceboard Senior Txapelketa eta Europako Txapelketa Absolutua hartuko ditu bihartik hilaren 14ra bitartean.
Munduko Raceboard Senior Txapelketa eta Europako Txapelketa Absolutua hartuko ditu Hondarribiko Itsaskari Baitak bihartik hilaren 14ra bitartean, bela klubak ezagutarazi duenez. 75 kirolarik bat egingo dute Txingudiko Badian aurrera eramango diren lehietan, tartean, Espainia, Frantzia, Alemania, Finlandia eta beste hamaika herrialdeetatik iritsitakoak. Joko Olinpiarretako eta mundu mailako txapelketetako windsurflariek parte hartuko dute Hondarribiko klubak antolatutako lehian. Itsaskari Baitako hogei bat kirolari lehiatuko dira Higer lurmuturraren inguruko probetan.
Hori horrela, bihar, hilaren 9an, belen neurketak eta izen emateak gauzatuko dira. Hilaren 10etik 14ra, egunean lau proba egin beharko dituzte. 30 lagunek osatutako lan taldea prestatu du antolakuntzak txapelketan laguntzeko.