Osasun larrialdi egoera bertan behera utzi ondoko lehen musika jaialdia izango da biharko Fenomena; 13:30etik aurrera musika doinuek kirol kaia beteko dute.
BIhar egingo dute 2021eko Fenomena.
Badator 2021eko Fenomena jaialdia eta osasun larrialdi egoera bertan behera geratu delarik ospatuko dute bihar festibala. Azken orduko aldaketarik egon ezean, Iñigo Urkullu lehendakariak publiko egindako dekretuak aire librean egiten diren ekitaldien pertsona edukiera muga ezabatzeaz gain, kontzertuez zutik gozatzeko aukera ere izango da. Hortaz, gonbidapenak hartu dituzten interesdunei dagoeneko beharrezkoak ez direla azaldu zuten asteazkeneko aurkezpenean Fenomenako Ernesto Villar, Javier Vitoria eta Iñaki Vazquez kideek, eta Juan Luis Silanes Hondarribiko Udaleko Kultura zinegotziak.
«Iaz bezala murrizketa kontuekin ezin izan ditugu nahi genituen artistak ekarri, gehienbat talde atzerritarrei dagokienez», azaldu zuen Villarrek. Hala eta guztiz ere, «kartel erakargarria eta kalitatezkoa» osatu dutela ziurtatu zuen «talde bakoitzak bere nortasuna duelako». Gainera, kideak nabarmendu zuenez, pandemia ondoko aro berriko lehenengo jaialdia izango da. Kultur eragile eta langileek bizitako egoera ere gogora ekarri zuen, pandemiako sektore kaltetuenen artean egoteagatik.
Joseba Irazoki eta Lagunak, Adios Amores, Vulk, Chaqueta de Chandal eta Noier Socha taldeek osatzen dute aurtengo kartela. 13:30etik aurrera entzungai izango dira haien doinuak kirol kaian. Aire librean izango dela eta eguraldi ona iragarri dutela nabarmendu zuten bultzatzaileek.