[Erreportajea] Zerutik eroritako infernua
Kepa Irujo historialari eta ikerlariaren ikerketa bati esker, 1936an Irun faxistek bonbardatu zutela berretsi du Kepa Ordoki elkarteak. Ehunka bonba bota zituzten.
Behobia auzoan jolasten ari zirela entzun zuen Julia Violet irundarrak faxisten lehen hegazkina. 1936ko abuztu hasiera zen, 6 urte besterik ez zuen, baina atzo balira bezala gogoratzen ditu egun horiek, eta, nola ez, zerutik eroritako ehunka bonba madarikatuak. Ezustean harrapatu zituen gerrak, gutxik espero zuten hiriak eta herritarrek jasan behar izango zutena. “Ez genuen sekula gerra bat ikusi. Bonbardatzera etortzen zirenean, begira geratzen ginen, txundituta”, dio Violetek.
Irun bonbardatua izan zela berresten duten dokumentu ugari bildu dituzte azken hamarkadetan, baina oraindik ere asko eta asko dira basakeria horiek ukatzen dituztenak. Hori diote Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkartekoek. “Orain arte kontatutako gezur horri” bira ematen ari dira Xabier Irujo historialari eta ikerlariarekin batera, ezkutatutako dokumentu eta informazio ugari bildu baitute.
“Beti entzun izan dugu Irun gorriek erre zutela, erretiratu zirenean, baina inork ez du kontatzen aurreko egunetan zer gertatu zen. Etxeren bat erre zutela? Bai, noski, gerrako estrategia gisa. Baina sekula ezin da alderatu 23 egunez jarraian egin zituzten bonbardaketa horiekin”, dio elkarteko kide Peli Lekuonak.
Uztailaren 21ean heldu ziren lehen tropa frankistak Irun ingurura, Aiako Harritik, eta orduan “espero ez zuten erresistentzia” batekin egin zuten topo faxistek.”Etsita zeuden faxistak. Erresistentziakoek ezer gutxi zekiten gerraz, txapela, alpargata eta fusil batekin joan ziren gerrara, eta tinko eutsi zioten aste luzez”, erantsi du elkarteko lehendakari Koldo Salinasek. Erresistentzia handia izan zenez, bonbardaketei ekin zieten faxistek. Lau aste luzez bonbardatu zuten etengabe Irun: abuztuaren 7tik irailaren 10era bitartean, hain zuzen ere. Beldurra nagusitu zen irundarren artean; askok Etorbidearen zubira jo zuten korrika, Hendaiara (Lapurdi) ihes egiteko asmoz.
Epe horretan ehunka eta ehunka bonba bota zituzten Irunen. Pixkanaka “krudeltasuna handitzen eta hildakoak ugaritzen” hasi zirela kontatu dute elkarteko kideek. Irailaren 3an, suzko bonbak erabiltzen hasi ziren, eta horiek sekulako eragina izan zuten. “Hendaiatik begiratuta, txundituta geratu ziren, gau eta egun hiria sutan ikusten baitzuten”, erantsi du lehendakariak.
Bonbak ez ziren soilik zerutik erori. Uretatik eta lurretik ere bonbardatua izan baitzen Irun, hori ere ondorioztatu dute Irujoren ikerketatik. “Itsasontziz eta lurreko artilleriarekin ere egin zioten eraso hiriari. Irungo erdigunean, inguruko puntu estrategikoak kontuan hartu gabe, ehunka bonba bota zituzten”.
Hildako ugari izan ziren, hori badakite elkartean, baina oraindik ez dute aurkitu dokumentu askorik. Belgikar baten heriotza izan da jasotako bakarra. “Badakigu askoz gehiago izan zirela, horien guztien izen-abizenak lortzea izango da hurrengo pausoa”, zehaztu du Lekuonak.
“Gernika txiki bat”
Gernikan eta Durangon gertatutakoarekin aldera daiteke Irungoa. Ez hildakoen kopuruari edo hondamendiari dagokionez, baina bai estrategian. Hala diote Kepa Ordoki elkarteko kideek. Gernikan bezala, Irunek jasandakoa gerora II. Mundu Gerran egingo zutena probatzeko baliatu zutela diote elkarteko kideek. “Ezin dira alderatu, noski, baina Gernika txiki bat izan zen Irun, esperimentu oso antzekoa, gezurraren taktika errepikatu zuten”.
Irujoren ikerketarekin irundar asko asaldatu direla diote, haserre, elkartekoek, hautsak harrotu dituela “nostalgiko batzuen artean”. “Duela hamar urte Irun bonbardatua izan zela ez zen planteatu ere egiten. Gaur jada ezin da ukatu”, dio Salinasek