[Erreportajea] Edozein erasotzen duen gaitza
Eritasun mentala duten lagunei bideratutako hainbat etxebizitzaz arduratzen da Agifes elkartea Oarso Bidasoan. Gipuzkoarako baliabideak eskaintzen ditu gaixo eta senideak biltzen dituen elkarteak.
Buruko Osasunaren Nazioarteko Egunarekin bat egingo dute osasun arloko zerbitzu, eragile, eri eta senideek etzi, igandearekin. Gipuzkoan buruko gaitza duten pertsonak eta haien senideak biltzen ditu Agifes elkarteak. Hamaika zerbitzu eskaintzen ditu buruko eritasunez diagnostikatutako herritarrek ahalik eta bizitza autonomoena eta normalizatuena aurrera eraman ahal izateko, baita haiei eta beren senideei aholkularitza eta laguntza emateko ere. Agifesek eskainitako baliabide horien artean daude, besteak beste: laguntza eta errehabilitazio psikosozialerako programa eta zentroa, aisialdi eta denbora librerako taldeak, Elkarrekiko Laguntza programa, gainbegiratutako etxebizitzak…
Donostian dauka egoitza nagusia Agifesek, nahiz eta lurraldean zehar eskaintzen dituen zerbitzuen artean Oarsoaldeko eta Bidasoko gainbegiratutako etxebizitzak dauden: pisu bat Oiartzunen eta hiru Irunen. Pablo Mondragon Agifeseko kidea, psikologoa izateaz gain, etxebizitzen koordinatzailea da. Pisuen helburu nagusia «gaixotasun mentalak pertsonarengan duen inpaktua leuntzea» dela azaldu du, ahalik eta autonomia gradurik altuena mantentzea bermatzen dion sostengua jasoz, eritasuna bera edo tratamendu farmakologikoa murriztuz.
Kasuistikari erreparatuta, hala ere, hainbat egoera sortzen direla onartu du koordinatzaileak. «Gerta daiteke osasun mentalarekin lotutako diagnostiko bat izatea baina pertsona horrek ez izatea lanik, jasotzen duen diru laguntza oso prekarioa izatea edo gutxieneko soldata jasotzea. Orduan, etxebizitza publiko zein pribatu baterako sarbidea ezinezkoa egiten zaie. Tamalez, nahiz eta bakarrik bizitzeko gaitasuna izan edo gutxieneko laguntza zerbitzuarekin, gainbegiratutako etxebizitza batean bizi dira, ez dutelako bestelako bizileku bat aurkitzeko aukerarik».
Erabiltzaileen profila
Oarsoaldeko zein Bidasoko erabiltzaileen profilaz mintzatu da Mondragon. Azaldu duenez, Oiartzungo etxebizitzan lau lagun bizi dira, denak gizonak. Irungo Landetxa auzoan kokatutako bi pisuetan ere gizonak dira denak, eta denera zazpi erabiltzaile daude; Irungo erdialdean gainbegiratutako etxebizitzan, ordea, lau emakumek partekatzen dute pisua. Emandako datuen arabera, Oiartzungo eta Irungo erdiguneko etxebizitzetako erabiltzaileen %100ak nahasmendu psikotikoa dauka, baita Landetxako erabiltzaileen %70ak ere. Nortasunaren nahasmendua pairatzen du, berriz, Landetxako %30ak. «Honek zer esan nahi du?», jarraitu du Mondragonek, «erabiltzaileen %90-95ak nolabaiteko larritasuna duen nahasmendu psikotikoren bat duela». Hainbat erabiltzailek eritasun mentalarekin batera «toxikoen kontsumoarekin lotutako aurrekariak» dituztela erantsi du koordinatzaileak. Adinari dagokionez, erabiltzaile gehienak 40 eta 59 urte arteko adin tartean daude.
Zerbitzua baliatzen duten pertsonen egunerokotasunari erreparatuta, egunean zehar denek jardueraren bat egin behar dute, halabeharrez. Mondragonek adierazi duenez, hiru dira jarduera horiek: «Enplegua, Oarsoaldeko eta Bidasoko erabiltzaileen kasuan enplegu babestua da, Gureak-en adibidez; okupazio tailerrena beste aukera bat da; edo errehabilitaziora bideratutako jardueraren bat ere egin dezakete». Oarsoaldeko eta Bidasoko erabiltzaile gehienek (%55) errehabilitazio psikosozialera bideratutako aukera baliatzen dute.
Horrez gain, pisuaren antolakuntza erabiltzaileen esku dagoela zehaztu du koordinatzaileak. «Astean behin pilula-kaxak antolatzen dituzte gizarte hezitzailearekin batera, eta asanbleak egiten dituzte etxeko lanak antolatzeko helburuarekin, hala nola: garbiketa, erosketak, arropa garbitzea, menuak, zaborra ateratzea…». Astean behin ere garbitzaile bat joaten zaie, etxea ahalik eta garbien mantentzen laguntzeko.
Sarbiderako aukerak
Osakidetzaren lehen arretan lehenbizi, eta Osasun Mentaleko Sarean ondoren, artatuak eta diagnostikatuak izan behar dute buruko eritasuna duten pertsonek etxebizitza batera jo ahal izateko. Osakidetzako psikiatrak eta gizarte langileak pazienteari buruzko txostena igorriko diete Gipuzkoako Foru Aldundiari. Erakunde publikoak, balorazioa egin ondotik, Agifesekin harremanetan jarriko dira elkarteak kudeaketa egin dezan.
Eskainitako zerbitzuaren eta eskaeraren artean orekarik ba ote dagoen galdetuta, «garaiaren araberakoa» dela erantzun du Mondragonek, baina «oro har, bat datorrela» uste du. Arazoa beste leku batean dagoela ohartarazi du, «arazo garrantzitsua», gainera. Izan ere, ikuskatutako etxebizitza saretik ateratzeko prest dauden erabiltzaileak daudela kontatu du: «Bakarrik bizitzeko gai dira, gutxieneko laguntza zerbitzua behar dute, gutxieneko sostengua, baina ez dugu hori, ez da existitzen eta ezinbesteko baliabideak dira gainbegiratutako etxebizitza saretik ateratzeko hautagai dezente izango genituzkeelako».
Agifeseko etxebizitza zerbitzuan sartzen diren pertsonak «sarean geratzea» ez lukeela helburua izan behar uste du Mondragonek. Hain justu, kontrako iritzia du adituak: «Sartzeko beharra duenak ahalik eta bizkorren ateratzea eta haren bizitza proiektuari ahal bezain pronto heltzea da xedea niretzat». Haatik, gutxieneko sostengu zerbitzuaren gabeziak edo etxebizitzen prezioak erabiltzaileak sarean geratzera bultzatzen dituztela azaldu du. Zentzu horretan, Agifesek 2018-2019 urte artean sostengu txikiko pisuetan zeuden hainbat erabiltzaileri bideratutako proiektu pilotua abiatu zuen Donostian. Hiru lagunentzako etxebizitza bat ahalbidetu zuen elkarteak, erabiltzaile bakoitzeko astean ordu eta erdiko ikuskatze zerbitzuarekin. «Egia esan, esperientzia oso ondo joan da. Bertan jarraitzen dute hiru erabiltzaileek, ez da ospitaleratzerik egon eta oso kontent daude», adierazi du.
Tankera horretako azpiegiturak eta baliabide ekonomikoak faltan sumatzen ditu, beraz, koordinatzaileak. Azaldu duenez, Donostiako egitasmo pilotuan parte hartzen ari den erabiltzaileetako bat Landetxako pisu batean egon zen 10 urtez. «Ezin zuen modu autonomoan bizitzeko urratsa egin eta aldundiarena ez den etxebizitza honetara igaro zen. Izan ere, proiektua Agifesena da soilik», gaineratu du.
Enplegua izan ohi da, era berean, buruko gaitza duten pertsonek duten zailtasun handienetako bat. Ikuskatutako etxebizitzetatik kanpo euren bizi proiektuarekin jarraitu ahal izateko muga da. «Buruko nahasmena duten pertsonen enplegugarritasun zenbakiak eskuak burura eramateko modukoak dira», deitoratu du arduradunak. Aipatu bezala, Oarsoaldeko eta Bidasoko etxebizitzetako erabiltzaileek enplegu babestua dute, eta hori izaten da ohikoena buruko gaitza duten pertsonekin. Hala ere, salbuespenak daudela onartu du: «Bestelako programetako erabiltzaileen artean bai aurki ditzakegula enplegu normalizatua duten pertsonak». Lan munduak bizi duen egoera berez zaila dela aintzat hartuta, osasun mentaleko arazo bat duten pertsonentzat, «are zailagoa» dela argudiatu du.
Estigmatizazioa
Enplegugarritasunaren zailtasunen oinarrietako bat eritasun mentala pairatzen duten pertsonen estigmatizazioa dela ziur agertu da Agifeseko etxebizitzen koordinatzailea. Buruko gaitza izateak ingurukoen aurreiritzi eta beldurrak pizteaz gain, lanaren kasuan, mediku baja gehiago har dezaketen pertsonak bezala hartzen dituztela esan du. «Erretzaile batek etorkizunean izan ditzakeen gaixotasunak eta horiek ekar ditzaketen baja kopuruari erreparatzen ez dioten bezala, aurkako gertatzen da osasun mentaleko arazoak dituzten hautagaiekin», adierazi du.
Aurreiritziak eta estigmak, baina, lan esparrutik harago doaz, eta horren jakitun dira buruko eritasuna duten pertsonak. Koordinatzailearen arabera, gizartearen mespretxuen aurrean «tristura» eta «amorrua» sentitzen dute batzuetan, baina beste hainbatean «estigma hori barneratzera» iristen dira. Egoera horri «okerrena» iritzi dio, eta «pizgarriak» izan daitezkeela erantsi: «Norbaitek kalte edo pertsekuzio delirioak baldin baditu, baina egonkor badago, ez da ezer gertatutako. Bestalde, ikusten baldin badut bizilagunak gaizki begiratzen didala eta esamesaka ari dela, agian pizgarri bat izan daiteke nitaz gaizki hitz egiten eta ni pertsegitzen ari direla pentsatzeko».
Gizarteari lan handia falta zaiola egiteko sinetsita dago Mondragon. Horren adibide gisa aipatu du orain dela bi urte etxebizitza baten lekualdaketarekin gertatutakoa. Udalerri batetik beste batera eraman behar zuten babestutako etxebizitza, baina horren berri izan zutenean bizilagunen arbuioarekin topo egin zutela kontatu du: «Ez zuten nahi osasun mentaleko arazoak zituzten pertsonen gainbegiratutako etxebizitzarik bertan».
Irungo Landetxako eta Oiartzungo etxebizitzekin egoera oso bestelako dela aitortu du. Auzokideek ezagutzen dituzte erabiltzaileak eta alderantziz, eta nabaritu dutenaren arabera, iraupen luzeko erabiltzaileen gizarteratzea gune horietan oso normala eta oso positiboa da. Landetxan 2007tik eta 2008tik bertan bizi diren erabiltzaile bana dago, eta etxebizitzak eraikin berean daude aspaldi. Bi faktore horiek ekuazioa positibo bihurtu dutela uste du, «komunitatean integratzen baitira eta komunitateak ondo hartzen baititu». Ezjakintasunak, aurreiritziak eta tabuak sortzen ditu, eta osasun mentaleko eritasunetan arazoa hori dela ziur agertu da, «edozeini gerta baitakioke».