[Elkarrizketa] "Gakoa gelditzea da; gelditu behar dugu, hausnartu, lasaitu, bizi"
Buruko osasunaren gaineko estigma asko daudela adierazi du Alonsok. «Kontzientzia hartu, eta normalizatzea» da haren ustez bidea, pandemiak pronostikoak okertu dituen testuinguru betean.
Kosta egiten da urratsa egin eta profesionalei laguntza eskatzea?
Bai. Onartzea zailtasunen bat daukagula kosta egiten da. Estigma hori ere badago, psikologo edota psikiatrarenera joaten bazara arraroak gara, zerbait duzu, eta besteek zer esango dutenarekin kezkatu egiten gara. Uste dut pertsona guzti-guztiek beharko genukeela aditu baten laguntza eta gure sentimenduak, pentsamenduak, gertaerak kontatzera joan. Baina kosta egiten da urratsa egitea, kosta egiten zaigulako onartzea zailtasunak ditugula. Pertsona batek onartzen baldin badu laguntza behar duela, sintoma osasungarri bat da, pronostiko aldetik hori da ona; onartzen ez duenak, behar ez duela esaten duenak, pronostiko zailagoa du, kontzientzia hori falta zaiolako.
Zure kontsultara jotzen duen jendearen artean zein dira patologia ohikoenak?
Azken urtean, pandemiaren testuinguruan, eskaera ikaragarri handitu da, bai psikologoena zein psikiatrena. Lanez lepo gaude. Inoiz ez bezalako eskaera dut. Antsietatea eta depresioa dira gehien ikusten ari naizena, ikaragarri hazi da bi horien zenbatekoa pandemiarekin lotuta.
Duela urte eta erdi, estatistikek zioten Espainiako Estatuko populazioaren %20ak antsietate eta depresio arazoak zituela; horiek detektatutakoak dira. Pandemia ondoren %10 igo da kopuru hori, eta %30ean gaude une honetan estatistiken arabera. Asko da. Donostiako kontsulta honetan lan egiten dut, baina Donostiako institutu batean ere ari naiz psikologo lanetan, eta nerabeen artean ikusi dut depresio eta antsietate arazoek gora egin dutela, baita cutting kasuek —azalean zauriak egitea— ere. Buruaz beste egiteko saiakerak egin dituzten nerabeen kasuak, anorexia dutenenak, obsesioak edo obsesio konpultsibo trastornoak (TOC) dituztenenak ere ikaragarri egin dute gora. Horiekin batera sozializaziorako beldurra ere zabaldu da pandemiaren testuinguruan, ez nuke esango fobia soziala, baina antzeko zer edo zer bai. Pandemiarekin, gainera, latente zeuden gatazkak azaleratu egin dira bikote harremanetan, familia harremanetan, gatazka existentzialak… Denak agerian jarri dira.
Profesional batzuengan, gainera, estres postraumatikoa deritzona eragin du egoerak. Ondorio psikologiko latzak dira, eta osasun arloko profesionalei eragin die, adibidez.
Gero eta jende gehiagori eragiten diote osasun mentalarekin lotutako patologiek, baina hala ere, estigma handia dago oraindik.
Luxu bat litzateke guztiek profesional batengana joateko aukera izatea. Izan ere, osasuna bermatzeko eta aurrea hartzeko bidea da hori. Denok joan beharko genuke gure osasun mentala zaintzeko.
Urteen poderioz, lan egiten dudan institutuan psikologoaren figura normalizatzea lortzen ari naiz. Gizartean, zoritxarrez, ez da horrela. Normalizazioa da bidea. Ondo legoke ‘zuk joan beharko zenuke’ esan beharrean, ‘guk joan beharko genuke’ esatea, denok behar dugulako.
Osasungintza publikoan, buruko osasuna taxuz artatzeko aukera badagoela uste duzu?
Ez, inondik inora. Adibide bat jarriko dut. Iaz, lan egiten dudan ikastetxean bere buruaz beste egiteko saiakera egin zuten ikasle batzuk. Familiari deitu, sendagilearenera eramateko aholkatu, eta haur psikiatrian ez zegoen lekurik, ez zegoen oherik libre. Ingresatuta gelditu beharko luketen nerabeak ziren, baina etxera bidali zituzten. Pandemian ZIUez hitz egin da, gainezka zeudela, baina ez da hitz egin beste gaitzez.
«Luxu bat litzateke denok profesional batengana joateko aukera izatea»
«Ondo legoke ‘zuk joan beharko zenuke’ esan beharrean ‘guk joan beharko genuke’ esatea»
«Bizitza frustrazioa ere bada, eta hori ikasi behar dugu»
Osasungintza publikoaren barruan osasun mentaleko moduluak daude, eta EPIak —Haur Psikiatriako Ekipoak— batean zein bestean lepo daude, ezinezkoa da erantzutea. Bertan diren gaixoek medikuen bisita izateko maiztasuna oso urria da, agian astean behineko jarraipena izan beharko lukete, baina lekurik ez dagoenez, txanda horiek denboran luzatu egiten dira. Ezin da, beraz, jarraipen egokia egin; baliabideak, profesionalak falta dira…
Dirudienez, erakundeetatik pentsatu dute pandemiaren testuinguruaren harira, ez legokeela gaizki ikastetxeetan psikologoak egotea. Aholkulariak eta orientatzaileak daude, baina psikologorik ez dago. Orain urte asko hartu ninduen lanean ari naizen ikastetxeko guraso elkarteak psikologo bezala, eta esperientzia berezia izan da. Bi orientatzaile daude zentroan, eta ni psikologo gisa ari naiz. Lan handia dut bertan. Pandemiaren harira, egoera nola kudeatu laguntzeko orientazio txostena egin dut. Nire egoera, beraz, salbuespena da. Hezkuntza orain ohartu da intzidentziak gora egin duela, haur eta nerabeen osasun mentala okerrera egiten ari dela, eta eragitea hausnartzen ari dira. Horrek inbertsio handia suposatzen du, baina ezinbestekoa dela uste dut. Urteko, ikastetxean bakarrik, 200 kasutik gora aztertzen ditut, ikasleen %25 da. Ikastetxe publikoa da, eta 800 ikasle dira.
Osasungintza publikoan buruko osasunaren arta egokia izan dadin zein neurri hartu beharko lituzkete?
Gizartea kontzientziatu beharko genuke gaiak duen garrantziaz. Min objektiboak daude, baina bestelakoak ere. Lehenengo erronka gizartea kontzientzia da, buruko osasuna ere osasuna dela; kontzientzia hartu behar dugu osasunaz. Horretarako arlo iluna kendu behar diogu osasun mentalari eta aitortu ahulak garela, antsietatea dugula, autoestimu baxua dugula, edo beldurrak ditugula… Denok ditugu motxilak, batzuk harri handiekin, besteek txikiagoekin. Hori da lehen baldintza. Ondotik, erakundeei dagokie baliabide publikoak jartzea arta egokirako. Pandemian, psikologoen elkarteak doako zerbitzua eskaini zuen telefonoz.
Zein erantzun izan zuen? Jendeak jo zuen zuengana?
Erantzun ona izan zuen. Beharra zegoen eta psikologoen elkarteak egin zuen aurrera urratsa, baina erakunde publikoek ez dute hori ordaindu. Pertsonengan eta osasunean inbertitu egin behar da.
Zuregana jotzen duten pertsonekin nola lan egiten duzu?
Orientabide batzuk daude, psikologo guztiek ez dugu berdin jarduten. Nire arloa kognitibista da, eta besteetatik ere hartzen dut zerbait. Kontuan hartzen dut pertsonaren erralitatea nolakoa den, nola pentsatzen duen, zer estruktura daukan haren pentsamoldeak. Zuk nola prozesatzen dituzun gertatzen zaizkizun gauzak, horren arabera sentituko duzu. Hortik jotzen dut nik. Nire lan egiteko metodoaren arabera gaitzak ez dira berehala sendatzen, bi aste eta listo; baina ez nago ados ere hiru edo lau urtez terapiak luzatzearekin. Nire metodologia epe ertainekoa da. Badira, hala ere, luzeagoak diren metodoak.
Nolako etorkizuna ikusten duzu, osasun mentalari dagokionean. Pandemiarekin antsietatea, depresioa eta bestelako patologiak ere hazi egin direla esan duzu. Horretan geldituko da edo okerrera egingo du?
Izaeraz eta profesioz baikorra naiz, baina baita errealista ere. Errealista ongi informatuta dagoen pesimista dela diote [barrezka]. Gaur egungo gizarteak daraman bidea ez zait batere gustatzen, uste dut gizartea gaixorik dagoela, eta gizartean bizi garenak, ondorioz, ez gaude ondo. Horretarako faktore asko dago: bizimodua, estresa, teknologia berrien eragina, baloreen galera… Faktore askok eragiten dute, ahaztu gabe gizarte lehiakor batean bizi garela.
Zer aldatu beharko litzateke hori aldatzeko, nola eragin?
Gauza asko aldatu beharko lirateke. Horietako bat da norbera gure baitan murgiltzea: zer nahi dut, nola nago, nora joan nahi dut… Hausnarketa hori egin behar dugu denok. Guretzat denbora gutxi hartzen dugu, goizean esnatzen garenetik, gauean lokartzen garen arte lanean eta gure eginkizunekin aritzen gara, eta ez dugu topo egiten gure buruarekin, maite dugun pertsonekin. Gakoa gelditzea da, gelditu behar dugu, lasaitu, hausnartu, pentsatu, bizi. Bizi esaten dudanean, oraina bizi esan nahi dut, unea. Gainestimulatuak bizi gara gizarte kontsumista eta lehiakor anker honetan; hoberena behar dugu, irudia lehentasuna da. Bizitzaren sena, gauza sinpleak, galtzen ditugu. Gizarte honetan ez dut sinisten, pertsonengan bai, ordea.
Gaur egungo gizartean garrantzi berebizikoa du frustrazioaren onarpenak. Uste dut helduek, eta bereziki gazteek eta nerabeek, ez dutela frustraziorako tolerantziarik oro har, ez diegulako uzten, gehiegi babesten ditugulako eta beraien nahiak eta beharrak oso garaiz betetzen ditugulako. Bizitza frustrazioa ere bada, eta hori ere ikasi behar dugu, hori bizitza delako, eta osasun mentalarekin lotuta dago erabat, psikologikoki gizarte ahula egiten ari garelako.