50 desfibriladore inguru banatu eta instalatu ditu udalak
Auzo elkarteetan, jende asko pilatzen den guneetan, adinekoen zentroetan eta bestelako ekipamenduetan instalatu dituzte.
Irungo Udalak berrogeita hamar desfibriladore inguru instalatu ditu hiriko hainbat eraikinetan. Gaur instalatu dute Pinudi auzo elkartekoa, eta bertan izan da elkarteko lehendakari Tito Carballo eta Monica Martinez udaleko ordezkaria.
Aste honetan amaitu dituzte desfibriladore berriak banatu eta instalatzeko lanak, eta hala, dagoeneko 48 daude erabilgarri. Auzo elkarteez gain, adinekoentzako guneetan, jende asko biltzen den guneetan, patruila autoetan eta Babes Zibilaren ibilgailuetan ere banatu dituzte.
“Denok lagundu dezakegu pertsona baten bizia salbatzen, eta, horregatik, desfibriladoreak dituzten ekipamendu publikoen sarea handitzeaz gain –urteak daramagu horretan–, oso garrantzitsua da prestakuntza ematea, jende gehiagok jakin dezan nola funtzionatzen duten”, esan du ordezkariak.